Sekulako giroa ekarri du Katu Baltzak Lekeitioko kaleetara
Musika, dantza eta festarako gogorik ez da falta izan, eta herritar gehiago animatu dira mozorrotzera. Ziarreta mertzeriak irabazi du Erakusleiho Onenaren SariaGirorik ez zen falta izan zapatuan, Lekeition. Mozorroak jantzi eta kalera atera ziren herri...
Musika, dantza eta festarako gogorik ez da falta izan, eta herritar gehiago animatu dira mozorrotzera. Ziarreta mertzeriak irabazi du Erakusleiho Onenaren Saria
Girorik ez zen falta izan zapatuan, Lekeition. Mozorroak jantzi eta kalera atera ziren herritarrak Katu Baltz eguna ospatzeko. Batez ere, umeak izan dira azken urteetan mozorrotzera animatu direnak, baina, urtez urte, gero eta heldu gehiago dira Euskal mitologian oinarritutako festarako prestatzen direnak. Zapatuan, katu baltzak eta sorginak izan ziren nagusi.Goizetik nabari zen jairako gogoa. Limoneroetan bota zuen pregoia Katu Baltz Elkarteko Ana Madarietak eta inoizko kalejira jendetsuenak lagundu zion kalerik kale, Lekitto Musika Bandari, Erakusleiho Onenaren Saria emateko. Urtero modura, Maria Talako Eskulan Tailerrekoen ardura izan zen saria ematea. Aurtengo irabazlea Ziarreta izan da.
Egun seinalatua
Mozorroekin batera, musika eta dantza izan ziren zapatuko protagonistak. Trikitilari, joaldun eta txistularien doinuekin bete ziren kaleak eguerdian, arratsaldean berriz, Funky eta Etorkizuna dantza taldeen ikuskizunagaz gozatzeko aukera egon zen.
Ume eta nagusi asko bildu zituen bai eta ere, Itziar Ituiño ipuin kontalariaren saioak. Bestalde, txokolatada goxoa izan zuten umeek Lekeitioko Aisialdi Taldearen eskutik, eta Aittitta Makurra txarangak dantzan jarri zituen iluntzean, herritarrak.
Su, ke eta txinparta artean saltoka eman zitzaion amaiera Katu Baltzari. Sorginen galdara plazan jarrita, batera eta bestera ibili ziren Lekittoko Deabruak aurrean harrapatzen zituzten guztiak euren Akelarrera batuz. Aurten ere, zoramena eta gozamena ekarri ditu Lekeitioko taldearen Akelarre Foc ikuskizunak.
Ezerezetik sortu zuten Katu Baltz egun seinalatu bihurtu da lekeitiarrentzat, eta aurten ere izan duen erantzun ona ikusita antolatzen jarraitzeko prest agertu dira Katu Baltz Elkartekoak. Euren taberna eta dendak egun horretarako apaintzen dituzten dendari eta ostalarien parte hartzea eskertu dute, eta oraindik parte hartzera animatu ez direnak hurrengorako gonbidatu dituzte; bai eta herritarrak ere.