Herritarrek babesa eman diote Iparragirreri Alcala Mecora egindako martxan
Espetxe aurrean batutakoek Iparragirre berehala askatzeko eskatu dute, eta bere osasun egoera oso larria dela salatu. Guardia Zibilak eta Poliziak martxara joandako autobusa gelditu duteZapatuan Alcala Mecoko (Madril, Espainia) espetxe kanpoan egindako...
Espetxe aurrean batutakoek Iparragirre berehala askatzeko eskatu dute, eta bere osasun egoera oso larria dela salatu. Guardia Zibilak eta Poliziak martxara joandako autobusa gelditu dute
Zapatuan Alcala Mecoko (Madril, Espainia) espetxe kanpoan egindako elkarretaratzean Ibon Iparragirre Burgoa preso ondarrutarrari maitasuna eta babesa helarazi zioten hainbat herritarrek. Ondarroatik ez eze, inguruko herrietatik eta Madrildik hurreratutako hainbat lagun batu ziren protesta ekimenean.20 bat minutuko elkarretaratzean larriki gaixorik dagoen presoa berehala etxeratzeko eskatu zuten eta bere osasun egoera oso larria dela salatu. Era berean, Iparragirrek kartzela barruan ezin duela beharrezko tratamendua hartu eta bere bizitza arriskuan dagoela ohartarazi zuten han batutakoek. «Ibon berehala ez badute askatzen inork desira ez dugun egoera latz batean aurkitu ahal gara. Ibonen bizitza arriskuan dago eta gerta dakiokenaren erantzule gobernu espainiarra eta espetxe zuzendaritzako arduradunak egiten ditugu, Ibonen bizitza euron eskuetan dago eta», nabarmendu zuen Ion Kirru Iparragirrek, Ibonen anaiak.
Iparragirre askatzeko eskatzeaz gain, larriki gaixorik dauden gainontzeko hamar presoak ere askatzeko eskatu zuten herritarrek.
Hainbat gorabehera
Iparra Galdu Baik plataformako kideek salatu dutenez, gainera, herritarrek Madrilgo espetxera ailegatzeko hainbat gorabehera izan zituzten. Lehenik eta behin, Ondarroatik irten eta ordubetera, Guardia Zibilaren talde antiterroristak martxara zihoan autobusa gelditu zuen Gasteizko autobideko irteeran. «Barruan zihoazen hiru lagunek azalpen eske irten zuten, eta haiek identifikatu ostean, hainbat zentzubako galdera egin zizkieten. Ordu erdiz autobusa geldirik eduki eta gero, joateko baimena eman ziguten».
Espetxera hurbiltzen ari zirela, aldiz, Poliziak geldiarazi zuen autobusa. Autobus barruan zeuden guztiak identikatu zituzten eta herritarretako batzuk mihatu ere egin zituzten. Era berean, elkarretaratzea eta martxa egiteko baimenik ez zutela gogorarazi zieten poliziek. Mobilizazioan gertaturiko guztia hurbiletik jarraitu zuten poliziek, eta elkarretaratzea amaitu arte NANak ez zizkieten bueltatu.
Eragin positiboa
Iparra Galdu Baik plataformako kideek nabarmendu dutenez, herritarrek emandako erantzuna oso ona izan da. «Eskerrak eman nahi dizkiegu Iboni eta gainontzeko preso gaixoei babesa ematen aritu ziren herritar guztiei. Horrelako mobilizazioek presoengan eragin positiboa dutela deritzogu. Presoen kolektiboari eta jendarteari, oro har, ez daudela bakarrik eta kanpoan beraietaz arduratzen den jendea badagoela argi utzi dugu».
Plataformako kideek aurreratu dutenez, gainera, datozen egunetan ere beste hainbat mobilizazio egingo dituzte Iparragirre ahalik eta azkarren etxera ekartzeko eskatzen.