EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Uriartek dimisioa eman du
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Roberto Uriarte bermeotarrak dimisioa eman du, Podemosen Espainiako Estatuko zuzendaritzarekin dituen «desadostasunengatik». Uriartez gain, beste 19 zuzendaritzakidek ere aurkeztu dute dimisio...
Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasi bidali dion gutun baten bidez utzi du kargua bermeotarrak. Uriartek eskutitzean dio Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako zerrenden osaketarekin egin duela gainezka, baina atzean arrazoi gehiago ere badirela; tartean, Podemosek Madrilen duen diskurtsoa Euskal Herrian txertatzeko zailtasuna.
Domekan Bilbon egindako agerraldian Uriartek adierazitakoaren arabera, EAEko Ahal Dugu beti izan dela «leiala» Pablo Iglesiasek zuzentzen duen proiektuagaz. Hala, ez diote egoeraren ardura berari egozten, eta berak zuzentzen duen aldaketa proiektua babesten jarraitzen dutela esan zuen.
«Arazoa» Uriarteren aburuz, alderdia aparatu bat garatzen hasi dela da, eta «ez dute aparaturik gura»; izan ere, «aparatuzalea den jendea da Podemosen soberan dagoena». Podemosek «iturri garbia izan behar du», esan zuen.
Otsailean izendatu zuten
Otsailean izendatu zuten Uriarte EAEko Ahal Duguko idazkari nagusi. Bozketa telematikoaren bidez, eta, bereziki, internetez egin zuten aukeraketa prozesua. 968 pertsonak eman zuten bermeotarraren aldeko botoa.