Rakel Elu da Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakari berria
Estreinako emakume batek hartu du eskualdearen gidaritza. Herriekin eta herritarren parte hartzeagaz politika eraldatzaileak lantzea izango du erronka datozen urteetanEmakume batek hartu du Lea-Artibaiko Amankomunazgoaren lehendakaritza. Rakel Elu Ben...
Estreinako emakume batek hartu du eskualdearen gidaritza. Herriekin eta herritarren parte hartzeagaz politika eraldatzaileak lantzea izango du erronka datozen urteetan
Emakume batek hartu du Lea-Artibaiko Amankomunazgoaren lehendakaritza. Rakel Elu Bengoetxea ondarroako zinegotzia izango da hurrengo lau urteetan Lea-Artibai Amankomunazgoko burua. Amankomunazgoa osatzen duten herrietako ordezkariek eguazten iluntzean egin zuten bozketa eta EH Bilduren hautagaiak lortu zuen izendapena.Amorotok amankomunazgoa uzteko asmoa duela eta, abstenitu egin zen bertako ordezkaria. Beraz, Lea-Artibai Amankomunazgoa osatzen duten hamar herrietako ordezkariek egindako lehen bozkatze bietan zazpina boto lortu zituzten EAJk eta EH Bilduk aurkeztutako hautagaiek. Udalerrien legearen arabera, berdinketa ematen den kasuetan, azken udal hauteskundeetan alderdi bakoitzak eskualdean dituen botu kopurua izaten da kontuan (EH Bilduk 6.134 boto eta EAJk 5.878 boto). Horrela, EH Bilduren aldekoa izan zen azken emaitza.
«Lehendakaritza hartzeagaz, legealdi berri honetan lan egiteko gogoa, indarra eta ilusioa azpimarratu nahi ditugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu lehendakaritza lortzeko batzar nagusian konfiantza eman diguten guztiei», adierazi zuen Rakel Eluk izendapena jaso ondoren.
Aro berrirako aipagarriak iruditzen zaizkien lan ildoak ere azaldu zituen lehendakari berriak, eta Amankomunazgoa, ezkerretik eta bazterketa soziala ekiditeko politikak bultzatuta kudeatuko dutela azpimarratu zuen.
Hurrengo lau urteetan, herriekin eta herritarren parte hartzeagaz, Lea-Artibain politika eraldatzaileak lantzea izango dutela erronka azaldu zuen Rakel Eluk, parte hartzea, politika sozialen garapena eta eskualdearen garapen ekonomikoa ardatz izanik.
Lea-Artibai Amankomunazgoan orain dela 25 urte inguru batu zirela gogora ekarri zuen Eluk, «bertan elkartutako udalentzat zerbitzuen eskaintza zabalagoa emateko nahian». Baina denbora horretan zerbitzuen eskumenak aldatu dira. «Horregatik, eta herri guztioi kudeaketa onena eman ahal izateko, daukaguna aztertu, eguneratu eta egungoari etekin hobezina atera ondoren, prestaturik aurkitu gaitezkeela ikusten dugu erakunde lez zabalik egoteko zerbitzu desberdinen eztabaidarako ere», aitatu zuen.
Erakunde indartsu
Lea-Artibai Amankomunazgoa erakunde sendo eta indartsua bihurtu nahi dutela aitatu zuen: «Beste edozein erakundegaz buruz buru aritzeko eta gure premiez tratatu ostean lorpenak izateko». Horretarako, beharrezkoa ikusten dute Lea-Ibarrako Mankomunitateagaz elkartuta lan egitea ahal den neurririk handienean. «Elkarregaz etekin handiagoak lor ditzakegulako gure eskualderako».
Amankomunazgoa herritarrengana hurbiltzea ere izango dute helburu, eta beraien parte hartze eta ekarpenekin batera gidatu.
Herri txiki zein handien eta kolore guztietakoen ekarpenekin eta guztien zerbitzura dagoen tresna izatea nahi dute amankomunazgoa. «Herri bakoitzaren nortasun propiotik abiatuta, bakoitzari behar duena eman ahal izateko». Horretarako, programa bateratuak adostasunean lantzeko kudeaketa bideratuko dute.
Alderdi guztiekin lan egiteko prestutasuna erakutsi zuen lehendakari berriak. «Bai independienteekin zein EAJgaz akordioak lortze bidean jardungo dugu legegintzaldian».
Lehendakari berriaren izendapena eginda, aste batzuk barru batuko dira berriz ere Lea-Artibai Amankomunazgoko herrietako ordezkariak jarduera eta batzordeburuak erabakitzeko.