Guzanen txokoak ateak ireki ditu herritarrengandik hurbilago egoteko
Hauteskundeen ostean taldearen ideiak lausotzen hasi zirela diote, «politika zaharretan» sartzen ari zirela konturatuta. Eraginkortasunez lan egiteko, lan taldeak eratu dituzteMaiatzean izan ziren udal eta foru hauteskuendeetatik igarotako 150 egunen...
Hauteskundeen ostean taldearen ideiak lausotzen hasi zirela diote, «politika zaharretan» sartzen ari zirela konturatuta. Eraginkortasunez lan egiteko, lan taldeak eratu dituzte
Maiatzean izan ziren udal eta foru hauteskuendeetatik igarotako 150 egunen errepaso kritikoa eta autokritikoa egin du Guzan herri plataformak. Errepaso hori, gainera, taldearen txoko berrian egin dute. Herriarekin komunikazio zuzena bermatzeko, Bidebarrieta kaleko 9. atarian izango dira aurrerantzean. Eguazten arratsaldean zabaldu zituzten ateak.Azken hilabeteotan lan asko egin dutela azaldu zuen herenegun Xabi Ortuzar Guzaneko zinegotziak: «Ehundaka bilera egin ditugu askotariko eragileekin, baina berez gurea ez den dinamika batek bereganatu gaitu». 1.151 bermeotarren botoak jaso zituztela gogorarazi du, «gure proiektuarenganako konfidantza agertu zuten».
Udalera iritsita, baina, iparra galdu zutela esan du Ortuzarrek: «Taldearen lehentasunak kanpotik aldatzen hasi ziren. Gure ideiak lausotzen hasi ziren eta politika zaharretan sartzen ari ginen. Ezkutupeko interesen laberintoetan eta alderdikerietan gu geu ere erori garela konturatu gara».
Dinamika horrek, hala ere, Bermeori mesederik ez diola egiten konturatu dira, eta horien hasierako xedea zein den ez dutela ahaztuko jakinarazi dute, hau da, «herri honen ilusioa berreskuratzea».
Lan taldeak
Lana modu eraginkor batean egin ahal izateko alor ezberdinetarako lan taldeak eratu dituztela jakinarazi dute herenegun egindako agerraldian. Horiekin, «herritarren parte hartzea sustatu gura dute eta modu proaktibo eta originalean Bermeoren alde lan egin, botere interesen eta traben gainetik». Hain zuzen ere, bost lan talde eratu dituztela azaldu dute: auzoak, ekonomia, gizartea, hiria eta kultura.
Gizarte lan taldean, esaterako, berdintasun teknikari baten beharraz, larrialdi sozialetaz eta udalaren baitan egiten diren lan poltsen eraketaz ari direla diote.
Kulturako lan taldeak, berriz, herri mugimendua saretzea du helburu, eta, era berean, elkarteen eta udalaren harremana erraztea. Hala, herriko elkarteekin berbetan ari direla jakinarazi dute.
Ekonomia iraunkor baten aldekoak dira Guzanekoak. Hala, ekonomia lantzen duen lan taldea, besteren artean, herriko eraginkortasun energetikoa aztertzen ari da. Bestalde, herrian erreferente ekonomiko baten falta dagoela eta, coworking gune baten aldekoak direla diote. Enpresa txikikiak, autonomoak eta ekintzaileak euren proiektuak abiarazteko gunea izango litzatekeena. Hori egiteko gune aproposa, horien arabera, antzinako Ormaza kontserba enpresa litzateke; «egun erabili barik dagoen 800 metro kuadroko gune bat da. Herrian erabili barik dauden lekuei erabilera ematearen aldekoak gara».
Hiriak lan taldekoek, herrian dagoenari buelta emateko lana egiten ari dira. Bermeoko mapa bat egitea dute helburu, hobetu ahal diren guneak zehaztuta, «zenbait gune edertu ahal direla» uste baitute.
Eta, auzoetatik hurbilago egon gura dutenez, auzoak lan taldea ere eratu dute, bai eta auzolana egiten ibiltzen diren herritarrengandik hurbilago egoteko ere, Gaztelugatxeko San Juanen mantenuaz arduratzen diren boluntarioengandik, esaterako. Xixili eskultura ere ez dutela ahaztu aipatu dute, dagoen lekutik beste leku batera mugitzeko dauden aukerak aztertuko dituztela azaldu dute, «egungo gazteek Xixili ezagutzeko aukera izan dezaten».
Gonbidapena
Guzanen ateak herritar guztiei zabalik daudela diote. Orain, gainera, herritarrak hartzeko leku fisiko bat ere badute. Beraz, edozein gairen inguruan lan egiteko prest daudenentzako lekua dutela azaldu dute.