Zaragozako Daroca kartzelara lekualdatu dute Cardaño
Aingeru Cardaño Munitibarko bizilaguna Basauriko espetxetik Zaragozako Darocara (Espainia) lekualdatu zuten aurreko astean, hori baita ezarri dioten kartzela. Eta domekan izan zuen hango lehenengo bisita.«Barikuan Basaurira deitu nuen bisa-bisaren da...
«Barikuan Basaurira deitu nuen bisa-bisaren data hartzeko, eta esan zidaten ordenagailuan ez zela agertzen bertan zegoenik. Eta nik galdetu nien ea lekuz aldatu zuten eta hori izango zela esan zidaten», zehaztu du Cardañoren bikotekideak.
Biharamun goizean Cardañok deitu zien eta hark jakinarazi zien Zaragozan zegoela barikutik. «Oraindik ingresatzen zegoela eta arratsaldean modulora pasako zutela azaldu zigun».
Orduan, bikotekideak bertara deitu eta domekarako bisita eskaera egin zuen.
Moduloan zenbait euskal presogaz dago, esaterako han da Kemen Uranga ondarrutarra. Bikotekideak azaldu duenez, lehenengo egun hauetan ohitzen dago, hango martxa hartzen.
Otsailean aske
Cardaño aurretik birritan egon da espetxeratuta Espainiar estatuan eta bietan absolbitua izan zen. Horregatik, abokatuak eskatu zuen absolbitu zutenez eta sumario berdinekoa zenez, aurretik egindakoa kontatzea.
Eta eskaera horren erantzuna aurreko astean jaso zuten: «Aurreko asteazkenean heldu zitzaien Aingeruri eta abokatuari gutuna esanez onartzen ziotela aurretik egindako denbora deskontatzea».
Oraindik ez du irteera data zehatza, baina, gutxi gorabehera kalkutatu dute otsailaren hasieran geratuko dela libre. «Orain abokatuak epaileari bidali behar dio jaso duten agiria eta hark tramitatu behar du dena».
Irailaren 1ean atxilotu zuten Muntibarren. 2014ko azaroan hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak , 2001ean Bilboko Santutxu auzoko kutxazain batzuen kontrako erasoa leporatuta.
Aurreko asteko bi berriak sentipen gazi-gozoa utzi die familia eta lagunei. Izan ere, alde batetik pozik daude urte hasieran libre geratuko delako, baina, beste aldetik, orain Munitibartik Zaragozako espetxeraino 415 bat kilometro egin behar dituzte.
«Lau ordu gutxi gorabehera joateko eta beste horrenbeste bueltatzeko. Baina, alde positibotik hartu behar dugu, eta pentsatu hiru bat hilabeteko kontua izango dela».