Ondarroako Plaiko Zubia «egoera txarrean» dagoela dio txosten tekniko batek
Kalte gehienak hezetasunak eta kresalak eragin dituela ondorioztatu dute adituek. Zubian egin beharreko mantentze lanak egin beharrekoak baino gutxiago izan direla dio txostenakBizkaiko Foru Aldundiko adituek egindako txosten baten arabera, Ondarroako ...
Kalte gehienak hezetasunak eta kresalak eragin dituela ondorioztatu dute adituek. Zubian egin beharreko mantentze lanak egin beharrekoak baino gutxiago izan direla dio txostenak
Bizkaiko Foru Aldundiko adituek egindako txosten baten arabera, Ondarroako Plaiko Zubiaren egitura nahikoa kaltetuta dago. Hala, epe ertain batean igarobidearen egitura sendotzea gomendatu dute. Osterantzean, «egitura erortzeko zorian» egongo litzaketeela nabarmendu dute. «Zubiaren erabilerak epe motz batean ez dirudi arazorik emango duenik, baina kalteak konpondu eta oztopoak kentzea beharrezkoa da».Arkitektuek zubira egindako bisitan hainbat kalte daudela ziurtatu dute. Alde batetik, Artibai ibaiko ertz bietan egin diren azken hirigintza lanek zubia irekitzea oztopatzen dutela ondorioztatu du txostenak. «Ibaiaren ezkerraldean dagoen Alamedako igarobideak ustezko edozein mugimendu egitea galazotzen du, zubiaren alde horretako oina plazaren barruan txertatua dagoelako». Adituek gaineratu dutenez, ibaiaren eskuineko ertzean ere, antzekoa gertatzen da.
Bestalde, ugarrak janda dauden puntuak ere ugariak direla nabarmendu dute adituek. Kasu batzuetan, gainera, ugartze horiek oso larriak ere badirela diote. Besteak beste, zubia irekitzen duten egitura xaretetan, materiala janda dago. Horrez gainera, beste gune batzuetan burdinak azala kenduta duela ere ohartarazi dute. Kalteak bistako tokietan ez eze, zubipean teorikoki babestura dauden tokietan ere aurkitu dituzte.
Narriadura handia
Oro har, zubia biratzeko elementuek narriadura handia agertzen dutela dio adituen txostenak. Zutarrietan agertzen diren makineriaren zirrituek, engranaje gurpilek eta gainontzeko elementuek zikintasun nabaria agertzen dutela deritzote. Besteak beste, nahikoa lur dago, eta bertan hainbat landare hazi ere egin dira.
Horrez gainera, zubia babesten duen pinturak ere indarra galdu duela ikusi dute. «Berdez margoturiko igarobideko baranda eta horren azpiko inguruak izan ezik, beltzez margoturiko gainontzeko metalezko elementuek pinturak ematen dien babesa galdu dute».
Kalte nabarmenak eguraldiak berak eragin dituela ondorioztatu dute. Hala, ugertzea bertoko hezetasunak eraginda dagoela nabarmendu dute. Are gehiago, ugertze prozesu hori, kresalak areagotu egin duela dio txosten teknikoak.
Zubian egin beharreko mantentze lanak ere beharrezkoak baino gutxiago izan direla dio txostenak. Batez ere, paralela irekitzen eta ixten duten mekanismoetan mantentze lanak ez direla nahikoak izan deritzote. Udalak, azkenekoz, 2009. urtean egin zituen mantentze lanak, baina horiek ezer gutxi konpondu zutela azpimarratu dute. «Ez zen egitura babesteko behar handirik egin. Oholak aldatu eta barandak konpondu ziren bakarrik. Hain zuzen ere, herritarrek istripurik ez edukitzeko haina lan egin ziren, besterik ez».
Berritzea, derrigorrezkoa
Era berean, ibaiaren bi ertzetan egin diren lanek ere, zubiaren gaur egungo egoeran bere eragina izan dutela diote. «Batez ere ezkerreko aldean ikusten dugu arazorik gehien. Alamedan egindako lanek pasarelaren abiatzea ganoraz egiteko aukera galarazi dute».
Hartara, eta etorkizunean zubia martxan ipintzeko aukera galdu nahi ez baldin bada behintzat, hainbat neurri hartzea gomendagarria dela adierazi dute. Alde batetik, bira egiteko mekanismo guztiak zaharberritu beharko lirateke. Bestetik, ibaiaren ertz bietako oinak lehen zeuden erara uztea gomendatu dute, eta aldi berean, biraketa galarazten duten elementu guztiak kentzea.