LOMCEren aurkako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute
Hilaren 28an hiruburuetan egingo diren ekintzetan parte hartzeko deia egin du hezkuntza plataformen topaguneak. Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolak legeari planto egin dioAzaroaren 28an LOMCEren aurkako kalejirak egingo dira Gasteizen, Bilbon, Donostian...
Hilaren 28an hiruburuetan egingo diren ekintzetan parte hartzeko deia egin du hezkuntza plataformen topaguneak. Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolak legeari planto egin dio
Azaroaren 28an LOMCEren aurkako kalejirak egingo dira Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean. Eta hezkuntza plataformen topaguneak herritarrei mobilizazio horietan parte hartzeko deia egin die.Topaguneak salatu duenez, inposaturiko hezkuntza eredu atzerakoi eta merkantilistak ez ditu euskal ikasleen beharrak asetzen; eta hezkuntza eredu ezberdinak izan arren, euskal hezkuntza komunitateak sistema propioa behar duela dio.
Hilaren 28an, beraz, hezkuntza eredu propioa eraikitzeari ekingo diotela aurreratu du hezkuntza plataformen topaguneak.
Gazteizen, Foru Plazatik aterako dira kalejiran, 17:00etan; Bilbotik ordu berean aterako da kalejira, Zabalburu plazatik; Donostian ere 17:00etan hasiko da, Boulevardetik; eta Iruñean asanblea irekia egingo dute 10:00etan Biurdana institutuan. Ostean, elkarretaratzea egingo dute.
Mutrikuarren protesta
Egungo eredu arrotza gainditu beharra dagoela uste du topaguneak, eta hezkuntzari buruzko erabaki propioak hartu. «Erabakiak guk hartu nahi ditugu. Horregatik, garaia da gure hezkuntza eredua egunez egun eraikitzen jarraitzeko», esan dute.
Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolak ere planto egin dio LOMCE legeari. Urriaren 28an, hezkuntza propioa nahi dutela aldarrikatu zuten ikastolako langile, ikasle, irakasle, guraso, aiton-amona eta ikasle ohiek.
Jolastokira atera, eta argazki erraldoia atera zuten. Ekimen horrek, gainera, hilaren 28an egingo dituzten manifestazioekin bat egitea ere bazuen helburu.
Hala, Mutrikuko LOMCErik gabeko Badakizu taldeak, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzten ekintzetan parte hartzeko deia egin die mutrikuarrei.
Era berean, azaldu dute Donostiako mobilizaziora joateko autobusa izena ematen duen jendearen arabera ipiniko dutela. Horretarako aukera ostiralero izango dute mutrikuarrek, ikastola kanpoan jartzen duten mahaian.
Aurrekariak
2014-2015 ikasturte amaieran ere Eusko Jaurlaritzak Lehen Hezkuntzako (LH) 3. mailan egin nahi zituen azterketei planto egin zioten Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hainbat ikastetxek. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak esan zuen azterketa horiek ebaluazio diagnostikoa egiteko probak zirela, eta LOMCErekin zerikusirik ez zutela. Hala ere, Jaurlaritzaren Heziberri plana Wert legearen aldaera bat dela uste du Hezkuntza Plataformen Topaguneak.