Aldundiak Ondare Jardunaldiak «arrakastatsuak» izan direla dio
Urriaren 31n amaitu ziren Ondarearen Europako Jardunaldiak Bizkaian. Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, jardunaldien baitan antolatu diren ekintzetan ia 10.000 herritarrek parte hartu dute. «Kanpaina arrakastatsua izan da».Jardunaldiak Biz...
Jardunaldiak Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu ditu, beste behin ere, beste ehun eragilerekin batera (udalak, museoak, kultur elkarteak…). Aurtengo gaia burdina izan da eta ondorioz, herritarrek, burdinari lotutako kultur ondareak ezagutu ahal izan dituzte. «Aurtengoa Europako Ondare Industrial eta Teknologikoaren urtea izan da eta horregatik, jardunaldiak ere burdinagaz lotuta egin dira».
Egindako ekintza guztietan, herritarrek denetariko eskaintza eduki dutela diote aldundikoek. «Bisita gidatuak, hitzaldiak, lantegiak eta erakusketak ikusteko aukera izan dute herritarrek. Eta ekintza horiei guztiei esker, ohikoak ez diren lekuak bisitatu dituzte herritarrek». Leku asko, gainera, estreinako bisitatu direla diote: La Naval-en instalazioak, Compañia Anonima Basconia, La Robla eta La Encartadaren lantegiak, esaterako. «Horiek, gainera, gaur egun teknologia ikerketan gune dira».
Ibilbideak ere askotarikoak izan dira: Barbadun, Herririas, Cadagua, Lea, Artibai, Arrierreka eta Ibaizabal.
Guztira, 200 jarduera baino gehiago egin dira urrian. «Beste behin ere, ekintza horiek guztiek Ondare Jardunaldiak ezinbesteko hitzordu bihurtu dituzte».
Herritar gehienek parte hartu duten ekintzak bisita gidatuak izan direla esan dute. «Publikoak, gainera, asteburuak erabili ditu jarduera horietan parte hartzeko».
Ondarrutarren balorazioa
Ondarroako turismo bulegoak ere ondare jardunaldiak «interesgarriak eta konstruktiboak» izan direla nabarmendu du. «Egindako hitzaldietan eta bisitetan, argi geratu da Ondarroak lotura handia izan duela Burdinarekin».
Turismo bulegokoen esanetan, Ondarroan burdinezko altxorrak daudela ikusi ahal izan da jardunaldiei esker. «Jende asko, ondarrutarrak barne, txundituta utzi duten tokiak ezagutu ditugu, Gorozikako eta Akillako Meategiak, esaterako».
Bide beretik, ekintzak antolatzen lagundu dietenei eskerrak eman nahi izan dizkiete. «Eskerrik asko Fernando Agirreri, Salbador Ariztondori, Felix Beristaini, Mokau baserriari eta Ondar-uhin turismo elkarteari, egitaraua aurrera ateratzeko eman duten laguntzagatik».