Markina-Xemeingo Udala errefuxiatuak hartzeko prest agertu da
Markina-Xemeingo Udala osatzen duten udal taldeek, EH Bilduk eta EAJk, euren herrietako barne gerra eta okupazio militarretatik ihesi datozen errefuxiatuek bizi duten dramari buruzko adierazpen instituzionala onartu dute aho batez. Adierazpen horretan ...
«Antzeko egoeretan, Markina-Xemeingo herriak beti erakutsi duen elkartasuna aldarrikatu nahi du oraingoan ere. Orain dela ia 25 urte Balkanetako gerra hasi zenean, Markina-Xemeingo herriak bere eskuzabaltasuna erakutsi zuen Bosniatik ihez etorritako familiak hartuz, honezkero markina-xemeindar bihurtutako pertsonak. Elkartasun horrek Markina-Xemein ezaugarritu du, eta ezaugarritzen du oraindik ere eta elkartasun horri eutsi nahi diogu, Siria eta inguruko herrialdeetako gatazkek sortutako drama humanitarioen aurrean», azaldu dute.
Talde lana
Errefuxiatuak hartzeko konpromiso bera duten beste udal batzuekin, Eusko Jaurlaritzagaz eta EAEko gainerako erakundeekin batera lan egiteko prest dagoela adierazi du udalbatzak. «Egoera honi erantzun integrala eta koordinatua emateko».
Bestalde, Europar Batasunari eta bertako estatu kideetako agintari eta gobernuei krisi humanitario horreri modu aktiboan, elkartasunez eta justizia humanitarioagaz erantzutea eskatu diote.
Markina-Xemeingo Udalak, ahalik eta arinen, dituen baliabide materialen inbentarioa egingo duela jakitera eman du. «Errefuxiatuen behin-behineko edo behin-betiko egonaldietarako ditugun baliabideak zeintzuk diren jakiteko».