Autobus geltokia jarriko dute Azpiltzako bidegurutzean
Azpiltza inguruko auzokideek behin ete berriz egindako eskariak izango du erantzuna. Markina-Xemeingo Udala Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan Sailagaz harremanetan jarri da eta Azpiltzan, Ondarroako noranzkoan, autobus geltoki bat jartzea onartu dute.B...
Baldintza bi bete behar izan ditu udalak Larruskaingo bidegurutze ondoan autobus geltokia jarri ahal izateko: geltokia egiteko beharrezkoa den lursailagaz jabetu eta Uraren Euskal Agentziaren (URA) baimena eskuratzea. Lursaila eskuratu dutela eta URAren baimena ere martxan dagoela jakitera eman du Udalak, eta beraz, autobus geltokia jartzeko lanekin hasiko dira.
Gaur egun ere, Larruskaingo bidegurutzean hartzen dute autobusa Bizkaibusaren erabiltzaileek, baina gune horretan ez dago geltokirik.
Gune arriskutsua
Bestalde, inguru horretan, ibilgailuen abiadura moteltzeko zer edo zer ere egin beharko litzatekeela uste du udalak. «Garraio publikoa erabiltzen dutenei errepidea gurutzatzeko erraztasuna eta segurtasuna emateko sistemaren bat ipini», adierazi dute. Izan ere, Markina-Xemeingo herrigunerantz doan autobusa hartzeko errepidea gurutzatu behar dute erabiltzaileek. «Gaur egun ez dago erraz beste aldera pasatzea eta, suposatzekoa da, errepidea hobetutakoan ibilgailuen abiadura handitu egingo dela eta ondorioz arriskua ere bai. Batez ere, diren moduan gehienak adinekoak izanda», nabarmendu du udalak.