Ia 600 lagun korrika Gernikako Millan
Atletismoa herritar denengana hurbiltzea du helburu Gernika-Lumoko Milla Herrikoia antolatzearen ardura duen Gernikako Atletismo Taldeak. Proba historikoan, 580 herritar batu zituzten zapatuan.Atletismoa praktikatzeko aukera izan zuten zapatuan Gernika...
Atletismoa herritar denengana hurbiltzea du helburu Gernika-Lumoko Milla Herrikoia antolatzearen ardura duen Gernikako Atletismo Taldeak. Proba historikoan, 580 herritar batu zituzten zapatuan.
Atletismoa praktikatzeko aukera izan zuten zapatuan Gernika-Lumoko eta Busturialdeko eskola umeek, Gernika-Lumoko XXXI. Milla Herrikoian. Ume, gazte eta nagusi, guztira 580 parte hartzaile inguru izan ditu aurten herriko erdigunean egiten duten lasterketak.Gernika Atletismo taldeak hartu du azken urteetan froga herrikoia antolatzearen ardura, eta emaitzarekin pozik daudela azaldu du taldeko Asier Odriozolak. Dioenez, atletismoa ezagutzera emateko eta kirol hori herritar denen eskura jartzeko aukera ematen du Gernika-Lumoko Milla herrikoiak.
Konpetiziorik gabe, ume eta gazteen parte hartzea bultzatzen du lasterketa horrek. Hala ere, nagusien artean parte hartzea handitzea da taldearen helburua. «Profesionalentzat bakarrik ez, herritar denentzako ekimena izatea nahi dugu; herriko talde batek herritarrentzat antolatutako». Beraz, atletismoa kirol modura ezagutzera eman, eta edozeinen eskura dagoela erakutsi gura dute. Helburu horrekin, datorren urteko Milla Herrikoian berritasunen bat edo beste izan daitekeela zehaztu du Odriozolak. Hain zuzen, herritarren parte hartzea bultzatu gura dute, Gernika Atletismo Taldea ezagutzera emateaz gain.
Nagusien lasterketa
16:00etan kokatu zen umeen lehen taldea hasiera lerroan, eta zegozkien zirkuitua bukatuta, domina bana hartu zuten eskola umeek. Nagusien txanda azkena izan zen. Amaitzerakoan egin zuten sari banaketa. Nesken artean, Inma Ruiz gernikarra izan zen azkarrena, eta bigarren egin zuen Gernika Atletismo Taldeko Uxue Aurrek. Mutilen artean, Urdaitri Triatloi Taldeko Jabi Goitiak lortu zuen podiumaren gorengo lekua; Arrolapeko Imanol Goñik egin zuen bigarren, eta Gernika Atletismo Taldeko Mikel Goitiak hirugarren.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo Millaren argazkiak http://atletismogernika. blogspot.com.es/ webgunean eskuragarri izango dira laster, eta parte hartu duten denek han ikusi eta handik jaitsi ahal izango dituzte.