Gaba Beltzak, mamurik ez
Halloweenen girotutako asteburuagaz ondo pasatzeko aukera izan dute bertoko zenbait herritan. Mutrikun, bi eguneko egitaraua izan dute. Busturialdean, berriz, Bermeon eta Muruetan eduki dituzte jarduerak.Gero eta gehiago dira Amerikako Estatu Batuetan ...
Halloweenen girotutako asteburuagaz ondo pasatzeko aukera izan dute bertoko zenbait herritan. Mutrikun, bi eguneko egitaraua izan dute. Busturialdean, berriz, Bermeon eta Muruetan eduki dituzte jarduerak.
Gero eta gehiago dira Amerikako Estatu Batuetan (AEB) ospetsua den Halloween jaia ospatzera animatzen direnak. Mozorroak soinean jantzita batzuk, eta beste batzuk horiek barik, baina, Halloween gauaren iluntasunean murgildu dira asteburuan Bermeon, Muruetan eta Mutrikun.Mamurik gabeko hasiera eduki zuen barikuan, Mutrikuko Gaba Beltzak. Duela 12 urte inguru jaitsi zen lehen aldiz Talaixako mamua Mutrikura. «Gazteak beti bezala, gaztetxian batuta zeuden… Eta hara azaldu zen mamua». Gazteak, beldurtuta, mamua harrapatu eta Beheko Plazan erre zuten gainerako herritarren laguntzarekin. Ordutik,urtero jaitsi izan da mamua Gaba Beltz bezperan.
Aurten, baina, ez da mamurik egon. Izan ere, Mutrikuko Gazte Asanbladak ez du horren beharrik ikusi. «Urte osoan gaztetxea mamuz beteta egon da. Badirudi gazteek ez dutela gaztetxea eurena sentitzen».
Arrazoi horiek tarteko, aurten, mamuak uko egin du. «Badaki gaztetxean ez duela inor aurkituko, mamuak besterik ez». Errealitate horren aurrean, gazte asanbladako kideek herritarrei gaztetxeko mamuak akabatzen laguntzeko deia egin diete. Hori eginez gero, datorren urtean, mamua berriro ere jaitsiko dela esan dute.
Akordeoilarien eta dantzarien doinuekin, kalejira egin zuten barikuan eta Talaixako mamua uxatzeko espraikada egin zuten. beldurrezko zine maratoia, sorginen kalejira, munstroa makillaje saioa eta diskofestak izan dituzte bi eguneko egitarauan.
Hurrengoa prestatzen
Bermeon, berriz, Halloween jaia eta metal musika uztartu dituzte Halloween Metal Fest jaialdian. Iaz baino jende gutxiago, baina, Spookypheria Productions elkarteko kideak pozik agertu dira: «Kontzertuen kalitatea izugarria izan zen, bai eta Kafe Antzokian sortu zen giroa ere. Hainbat ziren egun horretan zeuden ekitaldiak, eta horren eraginez jende gutxiago etorri da».
Lehenengo kontzertua, aurten, Antzoki kanpoaldera atera dute, «ideia oso ona» izan dela azalduta. Hala ere, datorren urtera begira, kanporago ateratzea pentsatzen ari direla diote.
Mozorrotuta hurbiltzen direnak ere gero eta gutxiago direla diote, eta zailago, hortaz, saria ematea. Biharamuna joan barik, datorren urtera begira lanean jarrita daude; 2016ko azaroaren 5erako jarri dute hurrengo hitzordua.
Muruetan, umeak izan dira Halloween jaiko protagonista nagusiak. AEBetan egin modura, mozorroak jantzi eta gozokiak eskatzen ibili ziren bariku iluntzean. Mozorrorik onenarentzako saria ere egon zen. Auzolanean apaindutako beldur etxean sartuta, berriz, film emanaldia eta karaokea izan dituzte aukeran asteburuan.