'Antxustegi' ezin dela berreskuratu deritzo Bizkaiko Foru Aldundiak
«Ontziaren egitura jaustear eta arrakasta bermerik ez dagoelako», konpontzea ez duela merezi dio EAJk. Adituen gomendioen aurka, ontzia ez dute Bilboko Euskalduna zubipera eramangoLorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Foru Diputatu...
«Ontziaren egitura jaustear eta arrakasta bermerik ez dagoelako», konpontzea ez duela merezi dio EAJk. Adituen gomendioen aurka, ontzia ez dute Bilboko Euskalduna zubipera eramango
Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Foru Diputatuak Antxustegi atunontzia gaur egun dagoen egoeran berreskuratu ezina dela adierazi du. Adierazpen horiek Bizkaiko Batzar Nagusietan Alderdi Popularrak egindako eskaeraren harira egin zituen atzo.Eusko Jaurlaritzak Tecnaliari agindutako txosten teknikoak ematen dituen gomendioetan oinarrituta egin zituen baieztapenak Bilbaok. Txostenak dionaren arabera, «ontziaren egitura jaustear eta arrakasta bermerik ez dagoelako» ez du merezi ontzia berreskuratzea. «Beste toki batera tokiz aldatzea, bakarrik, 300.000 euroko kostua izango luke».
Diputatuak gogoratu zuenez, Antxustegirekin gertatu dena «negargarria eta tristea» da, eta etorkizunean hori ekidin aldera, euskal itsas ondare guztia babestuko lukeen Plan Integral bat egiteko asmoa dagoela aitortu du. Era berean, etorkizuneko belaunaldiek «Antxustegi zena ezagutu dezaten», 3D formatuan erreprodukzio bat egingo dutela aurreratu zuen Bilbaok.
Alderdi Popularreko eta EH Bilduko diputatuak, ostera, Bilbaok egindako adierazpenak ez zituzten ontzat eman. Antxustegi galduko balitz «euskal ondarearen zati handi bat galduko» litzakeela deritzo Arturo Aldekoa PPko batzarkideak. «Etorkizunean antzeko kasu gehiagorik errepika ez dadin, museoak nahikoa diruz hornitu beharko lirateke». Meritxel Elgezabal EH Bilduko batzarkidearen iritziz, ostera, Antxustegirekin gertatutakoa Bilboko Itsasadarra Museoko Patronatuko kideen «pasibotasun eta gaitasun ezaren ondorioa» da.
«Utzikeriaren adibide»
Bestalde, aurreko barikuan, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak atunontzi ondarrutarraren inguruan berba egin zuen Gasteizko Legebiltzarrean.
Uriartek azaldutakoaren arabera, ontzia ez dute Bilboko Euskalduna zubipera eramango, adituen txostenak egindako gomendioaren kontra. Haren esanetan, atunontzi ondarrutarra lehen zegoen lekura eramatea «ezinezkoa» izango dela jakitera eman die Bilboko Udalak. Hala, kokapen berri baten bila hasiko direla gaineratu zuen.
Estitxu Breñas EH Bilduren legebiltzarkidearentzat «erakundeek adierazi duten utzikeriaren beste adibide bat baino ez da izan» barikuko iragarpena. «Erakundeak, Jaurlaritzak barne, hondatzen uzten ari dira gure ondare kultural eta historikoa den Antxustegi. Orain arte erakutsi duten utzikeriaren ondorioz kontserbazio egoera larrian dago atunontzia. Premiazkoa da ahalik eta arinen kokaleku egoki batera eramatea».
Koalizioko kidearen esanetan, Antxustegi ez da itsasontzi soil bat; «denon ardura den euskal ondarearen historia da, eta bere berreskurapenak eredu izan beharko luke».
Antxustegitarrak ere Legebiltzarrean izan ziren eta epaitegietara joko dutela adierazi zuten. «Oso balorazio ezkorra egiten dugu. Amore eman dutela iruditu zaigu. Eta erakundeen artean nolabaiteko konplizitatea ikusi dugu. Aurrera begira, justiziaren bidea hartuko dugu eta Bruselara ere joko dugu».