Baxurako arrantzaleek sardina kopuru handiak deskargatu dituzte
Martitzena eta eguena bitartean 600.000 kilo sardina deskargatu dituzte Ondarroako portuan. Hegaluze kanpainari dagokionez, aurten 470.000 kilo saldu dira Kalare Deuna Kofradiako bentanAzken asteotan gertatu modura, sardina kopuru handiak deskargatu di...
Martitzena eta eguena bitartean 600.000 kilo sardina deskargatu dituzte Ondarroako portuan. Hegaluze kanpainari dagokionez, aurten 470.000 kilo saldu dira Kalare Deuna Kofradiako bentan
Azken asteotan gertatu modura, sardina kopuru handiak deskargatu dituzte Ondarroan baxurako arrantzaleek. Martitzenean egindako bentan, esaterako, 274.800 kilo saldu ziren; bataz beste, 72 zentimotan. Eguaztenean, ostera, itsaso zakarra egon zen, eta hortaz, arrantzua ere txikiagoa izan zen. Guztira, 70.400 kilo saldu ziren. Eskaintza txikiagoa izan zenez, prezioek ere nabarmen gora egin zuten; bataz beste, 92 zentimoan saldu zen kiloa.Tamainari dagokionez, astean saldu diren aleak nahikoa handiak izan dira. Kiloko 22-25 ale bitarteko arraina izan da.
Kofradiako arduradunek gaineratu dutenez, Frantziako uretan jarraitzen du sardinak, Hondarribiatik hurbil. Hori dela eta, ontzi asko «gertutasunagatik» Hondarribiako portuan ari dira deskargatzen arraina.
Atzo ere nahikoa sardina deskargatu zuten Ondarroan, 250.000 kilo inguru. Goizean goiz hasi ziren lehen ontziak porturatzen, eta arratsaldera bitartean, lanaldia etengabea izan zen bentan.
Eusebio Arantzamendi kofradiako presidentearen iritziz, kopuru aldetik sardina nahikoa ondo ari dira arrantzatzen. «Abenduko atsedenaldiaren aurretik sardineta beste hilabete bat luzatzea da askoren asmoa».
Iazkoa baino hobea
Hegaluzeari dagokionez, aurtengo kanpaina amaitutzat eman dute Ondarroan. Azken aleak urriaren 20an saldu zituzten bentan. Oro har, iazkoa baino kanpaina hobea izan dela nabarmendu du Arantzamendik. «Berez, beste urte batzuetako datuekin alderatuta, ez da oso kanpaina ona izan, baina iazkoagaz alderatuta, hobea dela esan genezake. Izan ere, iazkoa moduko kanpaina eskasik ez dugu sekula ezagutu».
Kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, aurten 470.000 kilo inguru saldu dira Ondarroan. Tamaina aldetik, oro har, ale txikiak izan dira, batez ere, kanpaina bukaeran. Tamaina txikia kontutan izanda, prezioak ere apalagoak izan dira; bataz beste, 3,11 euroan saldu da kiloa.
Kanpaina bukatzearen arrazoi nagusiak bi izan direla azpimarratu du Arantzamendik. «Alde batetik, itsasoan antxoa kopuruak nabarmen egin du goraka, eta hortaz, hegaluzeek ez zuten karnatarik jan nahi. Beste alde batetik, sardina ere gehitzen hasi denez, hegaluzea arrantzatzea utzi eta sardinatara joatea erabaki dute arrantzaleek, errentagarriagoa izango delakoan iritzita».