Auzolana eta zapatuetako saioak goraipatuko ditu bihar Usotegi Egunak
09:00etan hasita, ekintzak bazkalordura arte luzatuko dira. Lekitto Bedarrak merkatura joaten direnak baloratu eta ezagutara eman nahi ditu. Herritarrei parte hartzeko dei egin dieteLekitto Bedarrak Usotegi Eguna ospatuko du bihar, Lekeition. Taldeko k...
09:00etan hasita, ekintzak bazkalordura arte luzatuko dira. Lekitto Bedarrak merkatura joaten direnak baloratu eta ezagutara eman nahi ditu. Herritarrei parte hartzeko dei egin diete
Lekitto Bedarrak Usotegi Eguna ospatuko du bihar, Lekeition. Taldeko kideek jakitera eman dutenez, Usotegi Egunagaz auzolana eta zapaturo egiten dituzten formakuntza saioak goraipatu nahi dituzte. «Bide beretik, Lekeitio eta inguruko herrien inplikazioa ere lortu nahi dugu».Usotegi Egunean ekoizleak, auzolaneko ekintzak, hitzaldia, txapelketa, pintxo dastaketa… izango dira protagonista. «Aurten ere merkatu plazara joaten diren ekoizle bi egongo dira parkean. Horiez gain, Larruz gazta eta Pipas txakolina egiten duten ekoizleek ere parte hartuko dute. Eta sagardo egile baten bila ere ari gara», gaineratu dute. Ekoizleen presentziagaz, Lekitto Bedarrekoek merkatura joaten direnak baloratu eta ezagutara eman nahi dituzte.
Auzolan ekintza ere ez da faltako. «Parkearen alboan daukagun 1.821. urtean egindako Esperanza iturria garbitu eta bere istorioa kontatuko dugu». Izan ere, Lekitto Bedarraren oinarria auzolanean dago. «Auzolanari esker hainbat abantaila lortu ahal ditugula erakutsi nahi dugu herrian».
Muniozguren anaiak
Hitzaldia ere egongo da. Baserritik bizi leike? izenburupean, Iban eta Gorka Muniozguren anaiekin (Larruz ahuntz gazta egile markina-xemeindarrak) eztabaida edukiko du han batzen direnek. «Duela lau urte, bi anaiek euren lanak utzi eta baserriko bizia aukeratu zuten. Euren esperientzian oinarrituz, gaur egun baserritik bizi ahal den edo ez kontatuko digute».
Hori guztia gutxi ez eta aitzur jaurtiketa ere egingo dute. «Herrian estreinako egingo da txapelketa hori». Usotegi ondoan dagoen zelaian egingo da lehiaketa eta sariak ere egongo dira, Ugarteburu elektrotresnak eta Iñigo harategiari esker.
Herritarrei deia
Ospakizunean parte hartzen duten guztiek pintxoak ere dastatu ahalko dituzte. «Pintxoak ortuariekin edota inguruko profuktuekin egin eta doan emango ditugu».
Ospakizunaren helburua herritarrek ondo pasatzea dela diote. «Goiz osoan musika eta ortuaren inguruko aholkuak emango ditugu».
Herritarrei dei zabala egiteaz gain, azken urteetan antolatutako ikastaroetan parte hartu duten guztiak ere bertaratzea eskatzen dute Lekitto Bedarrekoek. «Datozela gurekin ospa dezatela!».