Gaurik beldurgarrienaren zain
Mutrikuarrek bi eguneko egitaraua antolatu dute Gaba Beltzerako. Bermeon, urtero legez, metal musika eta Halloween jaia uztartuko dituzte, zapatuan, Bermeoko Kafe Antzokian.Gaurik beltzenak eta beldurgarrienak ospatzeko prest daude Bermeon eta Mutrikun...
Mutrikuarrek bi eguneko egitaraua antolatu dute Gaba Beltzerako. Bermeon, urtero legez, metal musika eta Halloween jaia uztartuko dituzte, zapatuan, Bermeoko Kafe Antzokian.
Gaurik beltzenak eta beldurgarrienak ospatzeko prest daude Bermeon eta Mutrikun. Zortzigarren urtez, Bermeoko Spookypheria Productions elkarteak Halloween Metal Fest jaialdia antolatu du zapaturako. Mutrikun, berriz, bi eguneko egitaraua antolatu dute Gaba Beltzerako.Amerikako Estatu Batuetan (AEB) ospatzen den Halloween jaia ospatzeko aukera izango dute Halloween Metal Fest jaialdiaren bitartez. Beste urte batez, berritasunekin dator; izan ere, gaueko lehenengo kontzertua Kafe Antzokiko kanpoaldera aterako dute. Bertaratutakoek, hortaz, Ian Masonen kontzertuaz gozatu ahalko dute 20:00etan; antolatzaileen arabera, «ikusgarria» izango da.
Spookypheriakoek azaldutakoaren arabera, «Kafe Antzokiko ateak ireki bitartean, zain dagoen jendea ez aspertzeko hartutako erabakia izan da. Gehienetan, ordutegi aldetik atzeratu egiten gara eta zerbait egin behar genuela pentsatzen hasi ginen iaz». Urteekin, gauzak ikasten doazela diote. Iaz, esaterako, kontzertu osteko jaialdi bat antolatzen hasi ziren: «Kontzertuak amaitu ostean, jendeak jai giroan jarraitu gura du, hala ere, Bermeon ez dago metal musikaz disfrutatzeko lekurik. Hortaz, guk geuk disko jartzaile baten bitartez ematen dugu aukera hori». Aurten ere, ildo beretik jarraituta, 02:45etik aurrera, DJ Jaros izango da musika jartzen, Kafe Antzokian .
Mozorrotzeko deia
Kaleko kontzertuaren ostean, 20:30ean irekiko dituzte Kafe Antzokiko ateak. Lehenik eta behin, musika bideo emanaldiekin hasiko dira, videojukebox-ekin, hain zuzen ere. Spookypheria Productions kultur elkarteko kideak eta horien zenbait lagunek gustoko dituzten bideo emanaldiak jartzen dituzte tarte horretan. Horiek grabatzerako orduan sortzen diren toma faltsuak ere ez dira faltako.
21:45ean igoko da agertokira Quaor taldea, 22:50ean Childrain, 23:55ean [In Mute] eta 01:15ean Killus. Metal genero desberdinak nahasten saiatzen da urtero Spookypheria Productions elkartea.
Halloween jaian girotzea da antolatzaileen helburua, hortaz, bertaratzen direnei mozorrotuta hurbiltzeko deia luzatzen die. Urtero modura, mozorro onenak saria jasoko duela jakinarazi dute.
Bariku eta zapatu
Mutrikuko Gaba Beltzak, aldiz, bi eguneko egitaraua dakar. Barikurako eta zapaturako, herritar eta gustu guztietantzako egitaraua prestatzen saiatu dira antolatzaileak.
Ekimenak bihar arratsaldean hasiko dira, 16:15ean, hain zuzen. Txantxangorrik ume eta gazteentzako ekitaldi beldurgarriak antolatu ditu. Zabiel plazan elkartuko dira, eta arratsalde odoltsuari hasiera emango diote. Ondoren, Gure Ametsa Dantza taldeak, txistulariak eta akordeoilariak Axuri Beltza kalejira iluna egingo dute herriko kaleetatik. Beheko plazan bukatuko dute. Han, herriko gazteek Talaixako mamua uxatzeko espraikada egingo dute.
Zabiel Kultur Etxea ere sorginduta egongo da bihar. Bertaratzen direnek, beldurrezko zine maratoiarekin disfrutatu ahalko dute, 21:00etatik aurrera.
Zapatuan, aldiz, Esti Garagarzaren eskutik, umeentzako munstro makilaje saioa izango da, udaletxe azpian, 17:00etan hasita. 19:00etatik aurrera Sorginek hartuko dute herria, kalez kale ibiliko dira herritarrak beldurtzen. Dantzatzen bukatuko dute Gaba Beltza. Lehenengo, umeentzako diskofesta egongo da; ondoren, nagusien txanda izango da.
Kolore laranja jantzi
Aurten Gaba Beltza laranjaz jantziko dute Zubixa Libre dinamikako aldeko ekimenek. Azaldu dutenez, «Libre dinamikako herritarrok ez gaude geldik egoteko, eta oraingo honetan, Gaba Beltzari kolore laranja ere emango diogu. Goazen inguruan dabiltzan mamu danak (Espainiako Auzitegi Nazionala, epaileak…) uxatzera!».
Bertso afaria egingo dute bihar, 21:30ean, Zubixan. Bertso afarian izena eman nahi dutenek Zubixan bertan izango dute izena emateko zerrenda. Zapatu gauerako, berriz, kontzertuak antolatu dituzte Gaztetxean.