8 tona beira birziklatu ditu udalak Urriko Azken Astelehenean
Urriko Azken Astelehenean beira birziklatzeko kanpaina berezia erabili dute Gernikako Udalak eta Ecovidrio enpresak. Udal arduradunek jakitera eman dutenez, beiraren birziklapenak %134 egin du gora aurten. Beraz, udalaren iritziz, birziklatzearekiko da...
Guztira 8.000 kilo batu dituzte herriak nekazal azoka hartzen duen egunean; 2014. urtean baino 4.580 kilo gehiago, udalak berak emandako datuen arabera. Hain zuzen, festaren erdigunean, Industria, San Juan eta Juan Calzada kaleetan batu zuten joan den astelehenean beira gehien.
Atez ate
Atez ate ibili ziren talde bereziak sortu zituzten Urriko Azken Astelehenerako. Horiek, gurpildun ontziekin, 50 ostalarik eta bederatzi txosnek sortutako hondakinak batu zituzten.
Bestalde, VACRI motako hamahiru edukiontzi ipini zituen Gernikako Udalak konkretuki astelehenerako. Binilatutako edukiontzi horiek, gainera, erdigunean ipini zituzten.
Kanpaina luzatu
Ecovidrio enpresaren laguntzagaz diseinatutako sistema horrek arrakasta izan duela esan dute udal ardurdunek. Hori ikusita, zerbitzua modu iraunkorrean ematea aztertzen ari dira. Udalerriko ostalarien laguntzagaz, beira birziklatzeko kanpaina ezarri gura dute herrian, baina atez ateko zerbitzua eman barik. Ecovidrio enpresak 120 litroko zein 40 litroko ontziak banatuko lituzke herriko establezimenduetan, lokal bakoitzaren beharrizanen arabera. Hala, beira birziklatu egingo dela bermatu gura dute.