250 lagun inguru batu dira Mutrikun egindako 'Zumba' maratoi solidarioan
Angelman Sindromearen Elkartearen aldeko saioa arrakastatsua izan da. Antolatzaileak pozik agertu dira herritarrek emandako erantzunarekin, eta ekimena errepikatzeko gogoz geratu diraDomekan zumba ekitaldi erraldoia egin zuten Mutrikuko kiroldegian. 17...
Angelman Sindromearen Elkartearen aldeko saioa arrakastatsua izan da. Antolatzaileak pozik agertu dira herritarrek emandako erantzunarekin, eta ekimena errepikatzeko gogoz geratu dira
Domekan zumba ekitaldi erraldoia egin zuten Mutrikuko kiroldegian. 170 bat parte hartzaile batu ziren Angel Sindromearen Elkartearen alde egindako ekimen solidarioan. Horiez gain, ikusle modura harmailetan egon ziren beste 80 bat lagunek ere bat egin zuten ekimenarekin.Joseba Antxustegi Angelman Sindromearen Elkartearen Mutrikuko ordezkaria pozik agertu da ekitaldiak izan duen arraskatarekin eta oihartzunarekin. Elkarteak Mutrikun horrelako ekitaldi bat antolatu duen lehen aldia izan da, eta balorazio positiboa egin dute. «Jendea oso gustura ikusi genuen, eta datorren urtera begira ekimena errepikatzeko gogoekin geratu gara. Herritarren aldetik babes handia jaso genuen, eta horrekin oso pozik gaude. Gure asmoa, batez ere, gaixotasuna ezagutara ematea eta jendea sentsibilizatzea zen, eta hori hein handi batean lortu dugula uste dugu».
Are gehiago, ekimenak aurreikuspen guztiak bete dituela nabarmendu du Antxustegik. «Hasiera batean, 125 bat lagun batzea espero genuen, baina azkenean, hori eta gehiago etorri ziren».
Parte hartzaileek eskola magistrala probatzeko aukera izan zuten, hainbat tokitatik etorritako irakasle ezagun eta esperientzia handikoekin batera. Unai Centeno mutrikuarraren, Marta Formosoren, Seluco Fernandezen, Raquel Garciaren, Idoia Sanchezen, Maykel Rodriguezen eta Itziar Valls irakaslearen esanetera, bi ordu pasatxoko saioa egin zuten.
Liburu bana
Irakasleak ez eze, parte hartzaileak ere toki askotatik etorritakoak izan ziren. «Batez ere, Mutriku eta inguruetako herrietako bizilagunak batu ziren. Ondarroa, Markina-Xemein eta Lekeitiotik, esaterako, jende asko etorri zen».
Elkarteko kideek guztien parte hartzea eskertu nahi izan dute, baina horien guztien artean, bereziki, Unai Centeno iraskasle mutrikuarraren laguntza azpimarratu nahi izan dute. «Ekimena egiteko ideia berea izan zen. Mutrikun zumba eskola magistral bat antolatzeko asmoa zuen aspalditik, eta gurekin harremanetan jarri ondoren, ekitaldia solidarioa bihurtzea bururatu zitzaion».
Ekitaldi bukaeran, maratoian parte hartu zuten irakasleek oparia jaso zuten elkarteko kideen eskutik. Hain zuzen ere, Vivir con un Angel liburu bana jaso zuten. Angelman Sindromea duten 25 lagunen esperientzia kontatzen du liburuak, tartean, Antxustegitarrena. Bertan, besteak beste, familiek euren eguneroko bizipenak kontatzen dituzte.