Peru Abarka Album Lehiaketako hamargarren lana kaleratu dute
Leire Arano idazlearen eta Belen Lucas ilustratzailearen lanak biltzen ditu ekoizpen berriak. Joan den barikuan aurkeztu zuten lana Markina-Xemeingo udaletxeanPeru Abarka Album Lehiaketaren hamargarren fruitua eskutara daukate irakurleek. Joan den bari...
Leire Arano idazlearen eta Belen Lucas ilustratzailearen lanak biltzen ditu ekoizpen berriak. Joan den barikuan aurkeztu zuten lana Markina-Xemeingo udaletxean
Peru Abarka Album Lehiaketaren hamargarren fruitua eskutara daukate irakurleek. Joan den barikuan aurkeztu zuten Markina-Xemeingo udaletxean, Leire Arano idazlearen eta Belen Lucas ilustratzailearen lanak bat eginda jaio den Betiko Atzo?. Antolatzaileek «zoragarritzat» jo duten lana ez da izango azkena, Markina-Xemeingo Udalak eta Ibaizabal argitaletxeak 2016. urtean hamaikagarren Peru Abarka lehiaketa antolatuko dutela aurreratu zuen Mari Eli Ituarte Peru Abarka lehiaketako sustatzaile eta epaimahaikideak.Hemeretzi idazlan aurkeztu dira aurten Peru Abarka lehiaketara, 2014an baino bost gehiago, eta hori oso garrantzitsua dela adierazi zuen Mari Eli Ituartek. Markina-Xemeingo ordezkariagaz batera epaimahaian egon dira Miren Agur Meabe idazlea eta Eukene Herrera Ibaizabal argitaletxeko editorea. Hasieratik egin zuten aukeraketan bost lan geratu zirela bueltaka azaldu zuen Ituartek, eta azkenean Leire Aranoren lana aukeratu zuten. «Betiko atzo? -ko pertsonaia oso berezia da, hasieratik harrapatzen zaituena, baina, gainera, intriga edo jakin-mina pizten duen zerbait duena. Egitura biribila dauka lanak, oso ondo egitaratuta dago eta egitura biribil hori doa pertsonaia horren egunaren gurpilaren barruan».
Idazlan gutxiago
Idazlanak, aurreko lehiaketan baino gehiago izan badira ere, ilustratzaileen atalean beste urte batzuetan baino gutxiagok parte hartu dutela jakitera eman zuten Ituartek. «Bederatzi lan aurkeztu dira, ez da asko, baina beharbada saritutako testua ez da erraza, bazeukan zailtasun berezi bat».
Epaimahaia, Borja Bujan ilustratzaileak, Ima Mendiola Ibaizabal argitaletxeko ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoak eta Mari Eli Ituarte berak osatu dute. «Ez zen izan bat ere erraza lana aukeratzea. Nahikoa eztabaida eduki genuen bi-hiruren artean ibili ginelako zalantzan, baina, azkenean Belen Lucasen lana aukeratu genuen».
Lucasena oso lan ausarta dela eta pertsonaia nagusiagaz zegoen gorabehera oso ondo gainditzen duela azaldu zuen Ituartek. «Testua detaile askorekin aberastu du, oso lan biribila da eta koloreak, testurak eta orrialdeak konposatzerako orduan ere asko arriskatu du».
Betiko atzo? idatzi zuenean bolada tristea zeukala aitortu zuen Leire Aranok, ezer berezirik ez zeukan baina triste zegoen. Beraz, pare bat astetan jai hartzea erabaki zuen eta interneten zebilela Imanolen abesti bategaz topo egin zuen. «Ez naiz ni beti oso Imanol zalea izan, baina abesti hau entzun nuen eta hitzak sartu zitzaizkidan kaskezurreraino. Horrek sortu zuen gero testua».
Belen Lucasek bete-betean asmatu duela azpimarratu zuen Leire Aranok. «Esan behar dut magikoa izan dela, kolore batzuk pentsatu nituen eta horiek eramango ditu». Ezusteko handia izan zen bai eta Aranorentzat pertsonaia. «Belenek sortu duen pertsonaian ez dut ikusten ez aberats bat ez pobre bat, ez dut ikusten polita edo itsusia den, ez dut ikusten zaharra edo gaztea den eta batez ere ez dut ikusten ez gizon bat ez emakume bat. Hori testuan garrantzi handia duen zerbait da», zehaztu zuen.
Etxerako bidean
Yolanda Mosquera ilustratzaileagaz topo egin izanak jarri zuen Belen Lucas Peru Abarka Album Lehiaketan parte hartzeko bidean. Etxerantz zihoala lehiaketari buruz hitz egin zuten biek eta etxera heldu zenean oinarriak begiratu zituen. «Istorio guzti hori garatzea konplexua zela iruditu zitzaidan hasiera batean: pertsonaia bere buruagaz hitz egiten dago istorio osoan, ez da erlazionatzen, tristura eta bakardadea bizi ditu eta inguruagaz oso sentsible dago. Baina istorioa behin eta berriz irakurrita nire ikuspegia aldatzen joan zen. Sentimendu eta sentsibilitate handiko testua zela iruditu zitzaidan eta edertasun handiko irudiak etortzen hasi zitzaizkidan burura».
Pertsonaia baino bere inguruko giroa irudikatzea egin zitzaiola gaitzena aitatu zuen Lucasek. «Ilustratzaile modura garrantzitsuena, argi izpi batzuk ezartzea zela pentsatu nuen, hasiera batean istorio triste bat dirudienari eguna argitu arte laguntzeko».
Ilustrazioak collage teknikagaz egin ditu, oihalak, testuen argazkiak, marrazkiak, tinta, eta era askotako paperak erabiliz. Gero, hori guztia ordenagailuz tratatu zuela jakitera eman zuen.