Iparragirre Alcala-Mecora urrundu dute berriz
Ibon Iparragirre Burgoa preso ondarrutarra espainiaratu egin dutela jakitera eman dute haren senideek. Zapatu eguerditik presoaren berri barik egon zen familia, eta iluntzean Iparragirrek egindako deiaren bidez jakin zuten Alcala-Mecoko kartzelara (Mad...
«Gure susmorik txarrenak bete egin dira azkenean. Hemengo epaiketa egin ostean, Ibon berriro ere urrundu egin dute», adierazi dute senideek, guztiz kezkaturik.
Iparra Galdu Baik plataformako kideek azaldu dutenez, senideek bisita zeukaten zapatuan, 12:00etan, Zaballako espetxean, eta sartzera zihoazela bisitarik ez zutela esan zioten Iparragirreren amari. «Zehatz esanda, bisiten zerrendan ez zirela agertzen esan zioten. Bisitarik ez edukitzearen zergatia galdetu zutenean, bertan ez zegoela ziurtatu zieten kartzelako arduradunek. Burgoseko espetxe batera lekuz aldatu zutela esan zieten».
Iparragirreren lagun eta senideek nabarmendu dutenaren arabera, espetxe zuzendaritzako arduradunek Burgoseko kartzelan bisita egiteko baimena eman zieten zapatu arratsaldean; 17:15ean jarri zieten ordua. Senideak, ordea, Burgoseko kartzelara joan zirenean, han ez zegoela esan zieten hango arduradunek. «Momentu honetan ez dakigu non dagoen ere», azpimarratu zuten orduan.
Ibon Iparragirre berak deitu zuenera arte non zegoen ere jakin barik egon ziren senideak, ordu luzeetan.
Azken urruntzea salatzeko, domeka eguerdian elkarretaratzea egin zuten Ondarroako Alamedan. «Egoeragaz amaitzeko ordua da. Ibon eta larriki dauden presoak etxean nahi ditugu».
Alderdien eskaera
Iparragirre jasaten ari den egoeraren aurrean, etxeratze eskaria egin dute alderdiek azken orduetan. Zapatuan, esate baterako, dozenaka lagunek eta Lea-Artibaiko EAJren eta EH Bilduren hainbat zinegotzik Iparragirre etxeratzeko eskatu zuten Ondarroan, elkarretaratze isilean. Etxean nahi dugu lelopean, ordu laurden inguruko elkarretaratzea egin zuten.
Beste alde batetik, Sortuk adierazi du, «mendekuan oinarritutako espetxe politikaren adierazgarri argia» dela Ibon Iparragirre presoaren kasua. Eta Espainiako Gobernuak Ibon Iparragirre presoagaz duen jarrera «kriminala eta zitala» dela salatu du, ondarrutar presoa «oso larri» dagoela gogoratuz.
Ohar baten bidez, Sortuk esan du ez dutela kontuan izan presoak medikuekin hitzordua zuela atzo, Galdakaoko erietxean, eta berriz ere Alcala-Mecoko kartzelara igorri dutela. «Bitartean, familiak informazio okerra jaso du, eta, ondorioz, espetxez espetxe joan behar izan du, bisitatu nahian. Hala ere, ez dute lortu».