10. urteurrena, herritarrekin
Egun osoko jaiagaz ospatu dute markina-xemeindarrek kulturguneko lehen hamarkada. Adin guztietako kulturzaleek bete zuten terrazaBeste hamar urte gehiagotan, gutxienez, kultura sortzen, partekatzen eta bizitzen jarraitu nahi dutela argi utzi zuten mark...
Egun osoko jaiagaz ospatu dute markina-xemeindarrek kulturguneko lehen hamarkada. Adin guztietako kulturzaleek bete zuten terraza
Beste hamar urte gehiagotan, gutxienez, kultura sortzen, partekatzen eta bizitzen jarraitu nahi dutela argi utzi zuten markina-xemeindarrek Uhagon kulturgunearen 10. urteurren jaian. Kulturguneko terraza bete-beteta egon zen zapatu osoan, adin guztietako herritarrekin.Ume eta gurasoek apaindu zuten terraza goizean, Nerea Unanua eta Deiene Gartzia sortzaileekin batera. Sokaz jantzi zuten arbolapea eta irudiez apaindu kulturgunea. Osteko etxola ere margotu zuten itxura berritua emanez.
Zirkoko pista bihurtu zen arratsaldean terraza. Malabareak airean ipini, platerak dantzan jarri eta oreka mantendu nahian ibili ziren ume, gazte eta nagusiak hankapalo eta gurpilen gainean. Xabi Larrea artistaren eskutik akrobaziak egiteko aukera ere eduki zuten ume, gazte eta ausartu zen nagusiren batek ere kulturguneko lehen solairuan. Koltxoneta handien gainean era askotako txiribuelta eta jauziak egin zituzten.
Gimnasia ariketak ere egin zituzten gaztetxoek koltxoneten gainean, buruz behera jarri eta oinak gorantz zituztela.
Zuzeneko borobila
«Markina-Xemein bizia dela inork ez du ukatuko», esan zuten bertsotan arratsaldeko zuzeneko emanaldien hasieran. Bertan egon zirenek behintzat, ez dute egingo, herriko kultur emari oparoaren testigu izan ziren eta. Izan ere, herrian dagoen kulturaren erakusgarri txiki bat izan zen zapatuan, kulturgunea. Bertso eskolakoen bertsoekin hasi eta antzerki, musika eta dantzak ikusi eta entzuteko aukera egon zen, guztia herriko artisten eskutik.
Abarka antzerki taldeak irrifarrez bete zuen terraza. Euren bidez jakin zuten herritarrek, Guardia Zibilak Uhagonetik alde zuela baina, zabor edukiontzietan jarraitzen duela Konposta Operazioaren baitan informazioa bilatzen. Den denagaz ondo enteratzeko, kontainer barruan jarraitzen dute Miguel eta Unai guardia zibilek arrastoen bila eta ez dute handik mugitu nahi.
Julen Mandiola igo zen Abarka antzerki taldearen ondoren, kulturguneko terrazako oholtza gainera, eta gitarra elektrikoaren doinuak zabaldu zituen, lau kantako kontzertu txiki zoragarria eskainiz.
Musika, dantza eta kantua uztartu ziren hurrengo emanaldian. Pablo Arrietaren gitarrak, Ivan Sierraren perkusioak, Janire Krutxagaren biolinak, Itxaso Jaioren ahotsak, eta Ianire De Andres eta Miren Iraetaren dantzak bat egin eta ikuskizun eder bat oparitu zieten terraza betetzen zuten ikusleei.
Azkenik, kulturgunearen hamar urteak gogora ekartzeko, Mikel Unamunzagak prestatutako bideo txiki bat eman zuten taulagaineko pantailan.
Hamar urtetan kultura arnastu da Uhagonen eta horrela jarraituko dutela azpimarratu zuten urteurren jaiko parte hartzaileek, beste hamar urte barru berriz ere herritarrak bertan elkartzeko gonbitea eginez.