'Victoria' ontziaren zirrikituak ezagutu dituzte herritarrek
Ondarroako portuan lotuta dagoen Victoria ontziaren erreplika berta-bertatik ezagutzeko aukera izan dute herritarrek. Datozen egunotan bisita gidatuak eskainiko dira, eta askorek ez zuten aukera hori galdu nahi izan.10:00etan zabaldu zituen ateak ontzi...
10:00etan zabaldu zituen ateak ontziak, eta ordurako, jende ilara handiak zeuden inguruetan. 20 minutu inguruko bisitetan ontzian lan egiten duten boluntarioak izan zituzten bidaide bisitariek, eta haien eskutik ontziko hainbat toki ezagutzeko aukera izan zuten.
Lehenik eta behin, ontziko bizkarreko zati guztiak ikusi zituzten. Geldialdi bakoitzean, gainera, ontziaren historiaren zati bat ezagutzeko aukera ere egon zen. Eskualdetik eta inguruetako herrietatik etorritako ikasleak asko izan ziren, eta haiek adi-adi entzun zituzten ontziko arduradunek emandako azalpenak. Besteak beste, Magallanesek eta gerokoan Elkanok egindako bidaiaren berri izan zuten.
Goiko aldea ikusi ostean, ikusgai dagoen sotoaren zatia bisitatu zuten. Bertan, hainbat azalpenez gain, bideo bat ere ikusteko aukera egon zen.
Domekara bitartean ontzia doan bisitatzeko aukera egongo da, egunero, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Ontzira hurbildu eta bertara sartzeko gonbidapena dute herritar guztiek.