Sardina asko saldu dute egunotan Kalare Deuna Kofradiako bentan
Aurreko asteotan gertatu modura, baxurako arrantzaleek sardina kopuru handia porturatu dute Ondarroako portuan. Kalare Deuna Kofradiak igorritako datuen arabera, 420.000 kilo baino gehiago saldu dira asteon bentan.Datuak kontutan hartuta, martitzenean ...
Datuak kontutan hartuta, martitzenean lehorreratu zuten arrainik gehien. Zehatz esanda, 312 tona saldu ziren. Tamaina aldetik nahikoa handia izan zen, kiloko 20 eta 23 ale bitartekoa. Prezioari dagokionez, kiloa bataz beste, 77 zentimoan saldu zen. Eguaztenean, aldiz, bentan saldu zen sardina kopurua nabarmen txikiagoa izan zen. «Arraina, antza, bazterretik dabil, eta ontzirik gehienek Hondarribiako portuan deskargatzea erabaki dute, hurrerago dutelako. Hortaz, Ondarroara ez da ontzi askorik etorri».
Guztira, 43 tona sardina saldu zituzten eguaztenean. Lehorreratutako arraina, gainera, beste egunetakoa baino zer edo zer haziagoa izan zen: kiloko, 18 eta 20 ale bitartekoa. Eskaintza txikiagoa izan zenez eta tamaina aldetik ere handiagoa izan zenez, prezioek nabarmen goraka egin zuten. Kiloa 96 zentimotan saldu zen.
Beste portu batzuetan
Bestalde, atzo ere, sardina arrantzatzen ari diren tokietatik hurbilago deskargatzea erabaki zuten arrantzaleek. Eguerditik arratsaldera bitartean porturatu ziren ontziek, 6.200 bat kaxa (62.000 kilo inguru) lehorreratu zituzten.
Osterantzean, txitxarro beltza eta zuria, betandia eta boba lehorreratu dituzte asteon baxurako arrantzaleek, baina ez dira aipatzeko moduko kopuru handiak izan. Atzo goizean, esaterako, 1.100 kaxa txitxarro baltz saldu ziren, 32 zentimo bueltan. Arraina oso tamaina txikikoa izan zenez, merke saldu dela nabarmendu zuten bentako arduradunek.