«Oso parekatuta ibili ginen sailkapeneko lehenengo hirurok»
Izaro Klubeko Lander Aurrekoetxeak (Bermeo, 1986), Jon Mikel Bikandik eta Asier Solisek irabazi dute Euskadiko Taldekako Urpeko Arrantza txapelketa.Hilaren 11an jokatu zuten Gipuzkoan.Hilaren 11an Orio eta Igeldo artean jokatu zenuten Euskadiko Taldeka...
Izaro Klubeko Lander Aurrekoetxeak (Bermeo, 1986), Jon Mikel Bikandik eta Asier Solisek irabazi dute Euskadiko Taldekako Urpeko Arrantza txapelketa.Hilaren 11an jokatu zuten Gipuzkoan.
Hilaren 11an Orio eta Igeldo artean jokatu zenuten Euskadiko Taldekako Urpeko Arrantza txapelketa. Zenbat ordutan egon zineten uretan?Bikandi eta biok bost ordu jarraian egon ginen uretan, eta Asier Solis zegoen ontzian. Eremuz aldatzean atseden apur bat hartzen genuen, eta ura edan, hori oso garrantzitsua baita. Goizeko 09:00etan ekin genion txapelketari, marea behean zela, eta hasieran arrain gutxi zegoen. Marea igo ahala, hasi ginen arrainak harrapatzen. Gutxinaka, kostata baina, arrain asko hartzea lortu genuen azkenean.
Zelako arrainak arrantzatu zenituzten?
Denetarik arrantzatu genuen: lupin eta kabratxoren bat, gehienak muxarrak, salparen eta durdoren bat… Ez zen egon arrain berezirik edota oso handirik. Arrain txiki asko hartzea izan zen egun hartako gure estrategia. Gutxinaka arrain txikiak eta kilokoak ere harrapatu genituen. 28 bat pieza hartu genituen, guztira 25-30 kilo inguru.
Halako txapelketetan arrain guztiek ez dute balio; zein baldintza daude?
Puntuatzeko arrainak 500 gramo pisatu behar ditu gutxienez. Eta 350 gramo baino gutxiago pisatzen badu zigortu egiten zaituzte.
Zenbat talde lehiatu zineten? Lehia estua egon al zen?
Hamalau talde egon ginen, baina, klub batzuetatik pare bat taldek parte hartu zuten. Gure kasuan aurten hiru laguneko talde bakarra joan gara. Lehenengo geratu ginen, baina, oso gutxigatik, 2.000 bat puntuko aldeagaz. Oso parekatuta ibili ginen sailkapeneko lehenengo hirurok. Sorpresa izan zen; aurretik ez genuen ingurua aztertu, eta txapelketa uste baino hobeto joan zen.
Espainiako txapelketan ere parte hartuko al duzue?
Bai, Euskadiko txapelketa irabazi dugunez datorren urtean Espainiakoa lehiatzeko sailkatu gara. Ez dakigu non izango den; zurrumurrua da Tarragonan edo Balear Irletan (Herrialde Katalanak) izango dela. Hara joateko denbora eta diru asko behar da. Klubak ez du ematen diru askorik, ezta federazioak ere.
Zelan joan da denboraldia?
Urte nahiko ona eduki dut; egindako denboraldiagaz gustura nago. Izan ere, aurten zenbait arrazoirengandik ez naiz askorik sartu uretan. Ezin izan dudalako, baina, sailkapen onak lortu ditut. Bizkaiko bakarkakoan hirugarren geratu nintzen, eta Euskadikoan bosgarren. Lehenengo bosten artean nengoenez, Espainiakora sailkatu nintzen. Getxon izan zen eta ez zitzaidan oso ondo atera, hamabosgarren egin nuen. Lehen aldia zen eta urduri nengoen, baina, ikasteko modu bat izan zen; akatsetatik ikasten da.
Eta taldekako txapelketei dagokionez?
Euskadikoaren aurretik, orain dela hiru aste Campeonato Navarro jokatu genuen Hondarribian. Hura ere hirurok irabazi genuen. Beste mota bateko txapelketa da, espezieek garrantzia dutena. Prestigioa du, eta beste txapelketekin alderatuta guztiz diferentea da. Espezie bakoitzetik bi arrain bakarrik arrantzatu daitezke. Zenbat eta arrain mota desberdin gehiago hartu, puntuazio altuagoa lortzen da.
Talde bikaina osatzen duzue, beraz.
Bikandi oso ona da. Hainbatetan irabazi du Euskadiko bakarkako txapelketa, maila oso ona du. Biok ondo jardunez gero, emaitza onak lortzen ditugu. Goian egoteko sasoian egon behar da, eta arrantza egiteaz gain, beste kirolen bat egin behar duzu. Oxigeno barik iztarrak mugitu behar ditugu ordu askotan, eta horrek askoz gehiago nekatzen du. Ez da berdina oxigenoagaz edo oxigeno barik egitea. Beste kiroletan legez, progresiboa eta konstantea izan behar zara.