EH Bildu udal gobernuan parte hartzeko aukera negoziatzen hasi da EAJgaz
Joan den barikuan izan zuten lehen bilera eta hurrengo asteetan proposamenak mahai gainean jarri eta gobernu akordio bat adosteko aukera dagoen aztertuko dute alderdiekLekeitioko EH Bilduko ordezkariak eta EAJko ordezkariak lehen bilera izan zuten joan...
Joan den barikuan izan zuten lehen bilera eta hurrengo asteetan proposamenak mahai gainean jarri eta gobernu akordio bat adosteko aukera dagoen aztertuko dute alderdiek
Lekeitioko EH Bilduko ordezkariak eta EAJko ordezkariak lehen bilera izan zuten joan den barikuan udal gobernuan parte hartzeari buruz hitz egiteko. Agintaldi hasieran, EAJk udal batzorde biren kudeaketa eraman eta tokiko gobernu batzordean parte hartzeko eskaintza egin zion EH Bilduri, eta eskaintza hori eztabaidatzen hasi dira alderdi biak.Udal gobernuan parte hartzeko aukera batzorde konkretu bi kudeatzetik haratago joan behar dela dio EH Bilduk. «Gobernu akordio orokor batean oinarritu beharko litzateke elkarlana, udalaren politika orokorrak eta baliabideen diseinuan bertan ere parte hartuz. Izan ere, ez baita logikoa arlo konkretu biren kudeaketara mugatzea, agintaldi honetako programa orokorrak adosteko aukera izan barik».
Batzorde bi kudeatzeko, udal aurrekontu orokorren diseinuan, adibidez, ezinbestean erabakiak hartu ahal izateko aukera izan behar dela uste du EH Bilduk. «Lehentasunezko arloak zeintzuk izan behar diren erabakitzeko, baliabide ekonomikoak nola banatu, esfortzuak nora bideratu…». Horretaz gainera, elkarlanean aritzekotan, EH Bilduren programa ere aurrera eramateko aukera ziurtatuta egon behar dela diote, «hauteskunde emaitzen araberako indar korrelazioaren araberako proportzioan bada ere».
Proposamenak prestatzen
Alderdi bakoitzaren agintaldirako programa proposamen bat egingo dutela adostu zuten lehenengo bileran bi alderdiek, lehentasunezko proiektu eta ekimenak argi jarriz. Eta horregaz batera, elkarlana zelan gauzatu behar den azaltzen duten neurriak ere proposatuko dituztela dokumentu horretan. «Parte hartze eta gardentasunera begirako neurriak, alderdi bien koordinazioa zelan eman, erabakiak zelan hartu, baliabide orokorren kudeaketa zelan adostu eta programaz kanpoko ezustekoak zelan erabaki», zehaztu dute EH Bilduko ordezkariek.
Hurrengo asteetan beraz, proposamenak mahai gainean jarri eta gobernu akordio bat adosteko aukera dagoen aztertuko dute Lekeitioko alderdi biek. EH Bilduren ustez, udalean ordezkatuta dauden indar politiko bien programak islatuta egon behar dute herriko politika egiterako orduan. Beraz, udal gobernuan parte hartzeko erabakia hartzeko, ezinbestean errespetatu beharreko baldintzak eman behar direla eta sinatuko litzatekeen akordioan EH Bilduren proposamen politikoan sakontzeko bermeak ziurtatu behar direla azpimarratu dute.