'Victoria' ontziari ongietorri beroa eman diote ondarrutarrek
Domekara arte bisita gidatuak doan egiteko aukera egongo da. Fernando Agirrek egindako lanari esker, ontzia ondarrutar batena zela jakitera eman da mundu osoanOndarrutarren artean ikusmin handia sortu du Victoria ontziaren etorrerak. Atzo goizetik asko...
Domekara arte bisita gidatuak doan egiteko aukera egongo da. Fernando Agirrek egindako lanari esker, ontzia ondarrutar batena zela jakitera eman da mundu osoan
Ondarrutarren artean ikusmin handia sortu du Victoria ontziaren etorrerak. Atzo goizetik asko izan ziren 26 metroko luzera eta 7 metroko zabalera dituen ontziaren erreplika bertatik bertara ikustera hurreratu zirenak. Domekara bitartean ontzia barrutik ere ikusteko aukera izango da; 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, bisita gidatuak egiteko aukera egongo da, doan.Ontzia berez, eguerdian porturatu behar zen, baina Bordeletik bueltan haizea alde eduki dutenez, azkarrago heldu ziren. Hain zuzen ere, herenegun gauerdian ailegatu ziren. «Espero baino arinago ailegatu gara, eta itsaso zakarra genuenez, portura sartzea erabaki genuen. Itsaso txarra eta olatu handiekin gobernatzeko oso zaila da ontzia, osterantzean, inguruetan bueltaka geratuko ginen agindutako ordua heldu arte», azaldu zuen ontziko kideetako batek.
Agindu modura, 12:00etan herritarrek ongietorria egin zieten ontziko kideei. Turrun hotsak eman zion hasiera ekitaldi xumeari, eta momentu horretan, ikurrina ere ipini zuten ontziaren masta nagusian. Ostean, Kresala Kultur Elkarteko dantzariek agurra egin zioten Rosario Fernandez kapitainari eta beragaz batera etorri ziren 14 kideei.
«Harro egoteko lakoxea»
Ongietorri xumearen ostean, kofradiako aretoan eguneko ekitaldi nagusia egin zuten. Bertan izan ziren ontziko kapitaina, logistikako arduraduna eta kontramaisua. Eurekin batera, Josu Arrizabalaga Ondarroako alkatea, eta OHZko Maria Kruz Lekunberri, Patxi Etxaburu elkarteko presidentea eta Fernando Agirre egon ziren.
Mari Kruz Lekunberri izan zen berba hartzen lehena. Hunkituta zegoen ontzia herrian ikusteko aukera zuelako, eta malkoei ezin eutsirik egon zen. «Guretzat oso pozgarria da hau posible egitea. Fernando Agirre gure elkarteko kideak egindako lanari esker egin da, hein handi batean. Liburu eta dokumentu artean ibili da, eta berari esker jakin dugu Victoriaren jabea ondarrutar bat zela».
OHZko kideak gaineratu zuenez, Munduari bira eman zion lehen ontzia ondarrutar batena zela jakitea herritar guztiak «harro egoteko moduko» berria da.
Horren ondoren, ontziaren kapitainak Victoria ontziaren (Santa Maria, izatez) jabea ondarrutarra zela ziurtatzen duen protokoloaren kopia bat eman zion alkateari. Sevillako artxibo historiko probintzialean dagoen dokumentuan idatzita agertzen denaren arabera, Santa Maria ontziko jabea Domingo de Apallua ondarrutarra zen.
Dokumentu garrantzitsua
Alkateak pozik jaso zuen ziurtagiriaren kopia. Josu Arrizabalagak nabarmendu zuenez, dokumentuak ziurtatzen duen datuak Munduko historian sartu du Ondarroa.
Jarraian, dokumentuak Ondarroarentzat duen garrantziaz aritu zen Fernado Agirre OHZko kidea. Besteak beste, zortzi hilabetez egindako ikerketa luzearen berri eman zuen. Bere esanetan, ikerketa hasteko lehen argibidea Juan Gilen liburuan aurkitu zuen. «Ikerketaren hastapena izan zen, eta datu horri tiraka luze aritu ostean, beste guztia jakitea lortu nuen».
Agirrek nabarmendutakoaren arabera, Magallanesek Munduari bira emateko erabili zuen ontzia Sevillako kontratazio etxeak konfiskatu egin zion Apalluari. «Teknikoek ezarritako prezioa eman zioten, 800 urrezko dukat, berak hasiera baten ordaindutakoa baino gutxiago».