Errefuxiatuen egoerari buruzko informazio kanpaina hasiko dute
Hainbat elkartek eta norbanakok gizartea kontzientziatzeko ekimenak antolatuko dituzte. Hurrengo batzarra azaroaren 2an egingo dute, AstranGerrako errefuxiatuen egoerarekin kezkatuta, dinamika berria hasi dute Gernika-Lumoko zenbait elkarte eta norbana...
Hainbat elkartek eta norbanakok gizartea kontzientziatzeko ekimenak antolatuko dituzte. Hurrengo batzarra azaroaren 2an egingo dute, Astran
Gerrako errefuxiatuen egoerarekin kezkatuta, dinamika berria hasi dute Gernika-Lumoko zenbait elkarte eta norbanakok. Astran egin zuten bilera astelehenean, eta aurrera begirako plangintza zehaztu gura dute. Gernikatik Mundurak bultzatuta, deialdiarekin bat egin zuten Gernika Gogoratuz, Ideasur eta Bat ez da Gitxi taldeek, zein hainbat norbanakoek ere.Hala, errefuxiatuen etorrera heltzen denerako instituzioek diseinatu duten plangintzaren berri izan zuten asteleheneko batzar horretan, eta, jakina ahal izan zutenez, administrazioek nahiko bideratuta dute egoera.
Hala, gerrako errefuxiatuak heltzen hasten direnerako nola jokatu hurrengo saioetan aztertuko dute. Orain, lehenengo, errefuxiatuen egoera eta krisi humanitarioaren zergatia azaltzearen beharra ikusi dute talde horiek.
Salaketa kalean
Horregatik, gerraren zergatiak azaltzeko kanpaina hasiko dute. Jendea informatzea izango da helburua, eta gerraren kontrako dinamika bat hastea. Diotenez, gizarteak ulertu behar du zergatik errefuxiatu horiek beraien herrialdeetatik alde egiten duten, eta gizartea ere arazoari aurre egiteko mugitzen hasi beharko litzatekeela.
Horren harira, mendebaldeko herrialde, agintari eta gobernuek gerra horietan izan duten papera ere jakitera eman gura dute. Gernikatik Mundurako kide Jokin Alberdik azaldu duenez, «krisia bideratuta dagoela saldu digute, eta gure burua zuritzeko balio digu horrek. Baina ez dugu kontuan Europako mendebaldeko herrialdeek zer nolako erantzukizuna duten gerretan eta errefuxiatuen krisi honetan». Dioenez, gizarteak mobilizatu beharko luke. «Gure gobernuek ere parte hartu dute gerra horietan, armak saltzen edo beste modu batzuetara, eta hori salatu egin behar da».
Kalera atera gura dute salaketa hori, eta hurrengo batzarra azaroaren 2rako deitu dute. Astran batuko dira, 19:00etan.