Suhiltzaileen zerbitzua murrizteko «arriskuan» dagoela salatzen dabiltza
Eusko Jaurlaritzak onartu duen Suteen prebentzio eta itzalketa eta salbamendu zerbitzuak arautzeko lege-proiektua errotik aldatzea exijitzen dute suhiltzaileekValladoliden egon ziren atzo eta Gasteizko legebiltzarraren aurrean egongo dira bihar Lea-Art...
Eusko Jaurlaritzak onartu duen Suteen prebentzio eta itzalketa eta salbamendu zerbitzuak arautzeko lege-proiektua errotik aldatzea exijitzen dute suhiltzaileek
Valladoliden egon ziren atzo eta Gasteizko legebiltzarraren aurrean egongo dira bihar Lea-Artibaiko, Busturialdeko eta Debabarrenako suhiltzaileak. Eusko Jaurlaritzak egun horretan eramango du legebiltzarrera joan den uztailaren 27an onartu zuen Suteen prebentzio eta itzalketa eta salbamendu zerbitzuak arautzeko lege-proiektua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko suhiltzaileek manifestazioa egingo dute lege proiektu hori errotik aldatzea exijitzeko.Lege berriak suhiltzaileen zerbitzua pribatizatu eta murrizteko aukerak zabalik uzten dituela salatzen dute suhiltzaileek. Izan ere, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamendurako zerbitzuez gain, beste figura batzuk arautzea aurreikusten ditu lege-proiektuak suhiltzaile laguntzaile eta suhiltzaile boluntarioenak besteak beste.
Suhiltzaile laguntzaile edo lanaldi partzialean lan egiten duten suhiltzaileen figura badago gaur egun Araban, eta lege berriagaz eredu hori beste lurraldeetara zabaltzeko aukera dagoela ikusten dute. Gainera, aldaketa, suhiltzaileen etxe txikietatik hasiko litzatekeela uste dute, eta Markina-Xemeinen dagoen Lea-Artibaiko suhiltzaileen etxea eta Gernika-Lumon dagoen Busturialdekoa tamaina horretakoak dira. «Lea-Artibaiko suhiltzaile etxea laborategi bezela ibiltzen lehenengoa izan liteke», esan dute Lea-Artibaiko suhiltzaileek.
Murrizketa
Suhiltzaileek azaldu dutenez, Arabako eredu hori jarraituz gero, suhiltzaileen zerbitzuak ez luke gaur egun modura funtzionatuko, 24 orduko zerbitzua emanez eta suhiltzaile profesionalekin. Baizik eta, ordutegi batetara murriztuko litzateke.
Arabako kasuan, suhiltzaile etxe batzuek 09:30etik 21:30era funtzionatzen duela zehaztu dute. «Erabiltzaileen kontra doan legea da gure ustez. Gauez hemen inor ez egotea ahalbidetu dezake lege berriak, eta zer edo zer gertatuz gero beste suhiltzaile etxe batetik etorri beharko litzateke. Orain dela gutxi gertatu da Araban horrelako kasu bat eta sute txiki bat handi bihurtu zen ondoan suhiltzaile etxe bat egonda, suhiltzaileak Gasteiztik joan behar izan zirelako».
Bestalde, lege berriak profesionalak gutxitu eta boluntarioekin hutsuneak betetzea ere ahalbidetzen duela aitatu dute, edo lanaldi partzialeko kontratuekin guztiz pribatizatzea. «Honek ez du esan nahi aldaketa horiek berehala egingo dituztenik, baina ate guztiak zabalik geratzen dira horretarako», argitu dute Markina-Xemeingo suhiltzaileek.
Lege-proiektuaren kontrako protestez gain, sozializazio kanpaina bat ere jarri dute martxan suhiltzaileek. Horrela, pankarta bidez daukate protestaren arrazoia idatzita suhiltzaile etxeen aurreko aldean eta sinadura bilketa bat ere hasi dute. Horrela, nahi duenak Change.org web orrian sinatu dezake EAEko suhiltzaileen zerbitzuak murrizketarik ez izateko eskaera: www.change.org/p/gobierno-vasco-eusko-jaurlaritza-no-precaricéis-los-servicios-de-bomberos-del-pa%C3%ADs-vasco.