Karenka guraso taldea sortu dute Ondarroan
Dibertsitate funtzional fisiko eta sentsoriala duten seme-alabak dituzten gurasoek «indarrak batu» eta talde berria sortzea erabaki dute Ondarroan: Karenka. Guraso elkarteak, hain zuzen ere, bizitzako eta jendarteko esparru guztietan euren seme-alabe...
Gauzak bananduta egin ordez, elkarrekin egitea beharrezkoa dela nabarmendu dute. «Elkarrekin lan eginda, indarrak metatu, ideiak elkartrukatu, adorea partekatu eta erakundeen aurrean elkarturik aurkeztuko ginake. Azken finean, gure seme-alaben eskubide guztiak bermatzen direla ziurtatu nahi dugu».
Eskualdeko lehenengoa
2014ko azaroan hasi zen abantean talde berria, Ondarroako Udalaren Ongizate Batzordearen babesarekin, eta elkarte bezala 2015ko ekainean eratu zen. Rakel Elu udal ongizate batzordeburuak azpimarratu duenez, taldea sortzeko ideia aurreko agintaldian sortu zen. «Herrian antzeko talde bat sortzeko premia zegoela ikusi genuen. Ume bakoitzak bere premiak baldin baditu ere, beste premia asko berdinak zirela konturatu ginen. Hainbat gurasogaz kontaktuan jarri, eta martxan hasi ginen».
Herri mailan eta eskualde mailan sortu den modu horretako lehen taldea da, eta etorkizunean sarea eskualde mailara zabaldu nahiko luketela azpimarratu dute taldeko kideek. «Horixe da gure hurrengo erronkarik nagusienetariko bat».
Era berean, euren helburuetako bat taldea bistaratu eta herriratzea ere bada. «Gure lana ezagutzera eman nahi dugu, eta horrez gain, sentsibilizazio kanpainak ere abantean ipini».
Denei irekia
Taldea, oraingoz, bederatzi familiak osatzen dute, eta herrian antzeko beharrak dituzten beste familiei ere elkarteko ateak zabalik dituztela azpimarratu dute. «Herriko ikastetxeekin eta taldeekin daukagun harremanari esker, jakin badakigu herrian familia gehiago daudela, eta edozer behar dutela ere hemen izango gaituzte, laguntza eta babesa emateko».
Taldearekin harremanetan jarri nahi duten familiek honako helbidera idatzi dezakete: Karenka Ondarroako guraso taldea San Ignazio kalea 23 48.700 Ondarroa (Bizkaia). Horrez gainera, karenkaondarru@gmail.com posta elektronikora idatzita ere eska daiteke informazioa.