Ion Kirru Iparragirre: «Ez dugu uste Ibon epaiketara aurkeztu ahalko denik»
Senideek Zaballako espetxean egindako azken bisitan «oso ahul» aurkitu dute. Datozen egunotan mozioak aurkeztuko dira hainbat udaletan. Urkulluk ere Iparragirre aske uzteko eskatu duIparra Galdu Baik plataformak deituta, Ibon Iparragirre Burgoa larri...
Senideek Zaballako espetxean egindako azken bisitan «oso ahul» aurkitu dute. Datozen egunotan mozioak aurkeztuko dira hainbat udaletan. Urkulluk ere Iparragirre aske uzteko eskatu du
Iparra Galdu Baik plataformak deituta, Ibon Iparragirre Burgoa larriki gaixorik dagoen presoa etxeratzeko eskatu zuten ehunka herritarrek domeka eguerdian, Ondarroan kaleetan zehar. Ondarroako bizilagunek ez eze, Lea-Artibai eta inguruetako hainbat herritarrek ere bat egin zuten plataformak egindako deiagaz.Aske eta bizirik. Larriki gaixorik dauden presoak, SOS lelopean 13:00ak pasatxo irten zuen manifestazioak Alamedatik, eta kaleetan barrena hainbat eskari ozen aldarrikatu zituzten:Giza eskubideak non daude?, Heriotz zigorrik ez, Sakabaneketarik ez, eta Berandu baino lehen, Ibon etxera ekartzeko eskatu zuten, besteak beste.
Kalerik kale ibili ostean, 14:00ak aldera ailegatu zen manifestazioa Musika Plazara. Denak plazara sartu ondoren, Ion Kirru Iparragirre Iparra Galdu Baik plataformako kideak eta Ibonen anaiak presoaren inguruko azken gertaeren berri eman zuen.
«Oso ahul»
Iparragirrek ohartarazi zuenez, Zaballako espetxean zapatu goizean egindako azken bisitan oso gaizki ikusi zuten anaia. «Zutik ere ezin zen egon. Gerriko min handiekin dago, eta bere burmuineko orbanaren ondorioz, ikusmena ere zeharo galduta du. Horrez gain, defentsak ere oso baxu ditu».
Anaia espetxetik ateratzen ez badute, bertan hilko denaren beldur direla ere nabarmendu zuen. «Gogorra da hau esatea, baina hauxe da egia. Ibonek berak esan digu oso ahul sentitzen dela. Berak esandakoaren arabera, ez dugu uste Ibon epaiketara aurkeztu ahalko denik».
Hain zuzen ere, gaur Bilbon duen epaiketara begira Zaballako kartzelara lekuz aldatu dute preso ondarrutarra. Senideek agertu dutenez, eguaztenean atera zuten Iparragirre Alcala Mecotik, eta barikuan iritsi zen Arabako espetxera. Iparra Galdu Baik plataformako kideak azpimarratu zuenez, datozen egunak «zeharo erabakiorrak» izan daitezke. Hori dela eta, jendarteari kalean mobilizatzeko deia egin diote. «Ibon, epaiketa eta gero, berriro Alcala Mecoko espetxera edo beste batetara urrutzen badute, edozer gerta dakioke. Mobilizatzen jarraitu behar dugu».
Mobilizazio ugari
Horren harira, datozen egunotan egingo diren ekimenetan parte hartzeko gonbitea luzatu zuen Ion Kirru Iparragirrek. Zehaz esateko, gaur goizean Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean egingo den elkarretaratzean edota Etxera-Gunean egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia egin zuen.
Bestalde, eguenean hainbat udaletan egingo diren udalbatzetan mozioak aurkeztuko direla ere adierazi zuen Iparragirrek. «Hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea da. Udaletxeetako alderdi politikoei konpromezu zehatzak eskatu behar dizkiegu».
Mozioak, besteak beste, Iparragirre berriro ez sakabanatzeko eta Osakidetzan edo bere gertuko eta konfiantzazko mediku batek bere osasun egoera hartatu dezala eskatuko du.
Jaurlaritzaren eskaria
Iñigo Urkullu lehendakariak aurreko barikuan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian Iparragirre aske uzteko eskatu zuen, «gizatasun arrazoiengatik». Urkulluk adierazitakoaren arabera, azken egunotan Iparragirreren egoera «hobetzeko lanak areagotu» ditu Eusko Jaurlaritzak.
Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrean EH Bilduren galdera bati erantzunez eman zituen azalpen horiek. Lehendakariak gogorarazi zuenez, gainera, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak iaz Iparragirre aske uzteko eskatu zuela, Jaurlaritza neurri horren aldekoa dela, eta legediak neurri hori jasotzen duela larriki gaixo dauden presoentzat.
Era berean, Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariak gogoratu zuenez, espetxealdiak bere gaixotasunagatik jaso behar duen tratamentua jasotzea oztopatzen diola preso ondarrutarrari, eta bere osasuna arriskuan jartzen duela. «Ezin du espetxean egon, kartzelaldia ez da bere gaixotasunarekin bateragarria».