Ekintzaileentzako laguntzak bideratuko ditu Behargintzak
Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzak enpresa berriak sortu gura dituzten ekintzaileentzako laguntzak bideratuko ditu. Batetik, ideia bat aztertu eta garatu gura duten ekintzaileentzako laguntzak izango dira; eta bestetik, enpresa bat martxan j...
Behargintzatik jakinarazi dutenez, izena ematen duten ekintzaileen artean, aukeraketa prozesu bat egingo dute. Ondoren, aukeratutakoek hiru hilabeteko aholkularitza prozesu batean parte hartuko dute. Tutoretzak azaroaren 2an hasiko direla azaldu dute.
Ekintzaileak Euskal Herrian erroldatuta egon beharko dute eta bertan bizi, gainera. Horrez gain, langabetuak izan beharko dira eta Lanbideren enplegu eskatzaile modura izena emanda egon beharko dute. Parte hartu gura duten horiek urriaren 27a dute izena emateko azken eguna, eta Behargintzako bulegoetara jo beharko dute horretarako.
Bereizketak laguntzetan
Diru laguntzak Bermeoko Udalak emango ditu eta 1.000 eta 1.950 euro bitartekoak izango dira.
Diru laguntzak jasotzerako orduan bereizketa bat dagoela aipatu dute Behargintzatik. Enpresa ideia bat garatu gura duten ekintzaileen kasuan, zenbateko osoa jasoko dute laguntza onetsi ostean. Horretarako izena ematen dutenek, gainera, ezin izango dira Ekonomia Jardueren Zergan edo Lanbide Autonomoen Erregimen Berezian alta emanda egon.
Enpresa bat martxan jarri gura dutenek, berriz, hasiera batean laguntzaren erdia jasoko dutela azaldu dute, eta gainerako %50 Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan alta eman ondoren jasoko dute, beti ere, baldin eta alta hori aholkularitza prozesua amaitu, eta gehienez, hiru hilabetera ematen bada. Enpresa berriaren helbide soziala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan jarri beharko dute.