Arrano aske egiteko 24 ordu
Gaurtik bihar arte, Gernika-Lumoko Arrano Etxea defendatzeko eskatu diete herritarrei. Horretarako, 24 orduko egitaraua prestatu duteArrano libre eta zabalik gura dutela aldarrikatuko dute Gernika-Lumon datozen orduetan. Aurrerantzean zabaldu gura dute...
Gaurtik bihar arte, Gernika-Lumoko Arrano Etxea defendatzeko eskatu diete herritarrei. Horretarako, 24 orduko egitaraua prestatu dute
Arrano libre eta zabalik gura dutela aldarrikatuko dute Gernika-Lumon datozen orduetan. Aurrerantzean zabaldu gura duten aldarriaren lehen 24a orduak izango dira, eta parte hartzeko dei berezia egin diete herritarrei; «Arrano libre izango bada, denon inplikazioarekin izango da», esan dute. Horretarako, 17:30ean umeen jaiarekin hasiko den egitaraua prestatu dute. Ostean, kontzertuak egongo dira, eta 20:15ean egingo dute ekitaldia eta kopaua. Arrano gaua egingo dute gero, eta hurrengo egunean izango du jarraipena egitarauak. Zapaturako, bereziki, 12:30ean egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.Orain 12 urte hasi zen 35/02 auzia, eta uda hasieran eman zuten jakitera Auzitegi Gorenaren ebazpena. Auzitegi Nazionalak emandako sententzian zigortutako 111 elkarteetatik sumariotik kanpo utzi zituen lau, horien errekurtsoa onartu ostean. Dena den, 107 kultur elkarte zigortu zituen Gorenak; tartean, Gernika-Lumoko Arrano Kultur elkartea, Bermeoko Bolatoki, Lekeitioko Galarrena, Markina-Xemeingo Amaiur, Ondarroako Uxola eta Mutrikuko Zubixa.
Era berean, 35/02 sumarioan epaitu eta zigortu dituzte Karmelo Landa eatarra eta Sukarrietako bizilagun Jon Martinez. Urtebete eta 10 hilabeteko zigorra agindu du Gorenak Landarentzat, eta urtebete eta hiru hilabetekoa Martinezentzat. Isa Mandiola markinarra 2014ko martxoan utzi zuten sumario horretatik kanpo.
Akusatuen kontrako sententzia exekutatzeko agindua eman du Auzitegi Nazionalak. Kartzela zigorra bete beharrik ez dute (behin-behineko kartzelaldian bete dutelako), eta fidantzak eta isunak likidatzeko agindua emana du.
Udalaren salaketa
Irailaren 30eko udalbatzarrean, bestalde, auziaren aurka agertu zen Gernika-Lumoko udalbatza. 35/02 auzia salatzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioari adierazpen instituzionalaren izaera eman zion udalbatzak.
Herriko tabernak eta auzi horretan auzipetu dituzten lagunak zigorraren zain daudela gogorarazi, eta egungo egoera politikoan horrelako prozesu judizialekin jarraitzea adierazgarria dela esan zuen EH Bilduk. Haien iritziz, Espainiako Estatuak bere nagusikeria erakutsi nahi du, euskal abertzale militanteak kriminalizatuz.
Hala, 35/02 auzia bertan behera uzteko eta auzipetu zein herriko tabernei bereziki, Arrano Etxeari elkartasuna adierazteko zenbait punturekin bat egin zuen udalbatzak. Eskubide zibil eta politikoen defentsan, horrelako egoerak atzerapauso nabarmena direla esan zuten; «are gehiago, egun bizi dugun egoera politikoan». Horrela, eskubide guztiak eskatu zituzten, «pertsona guztientzat». Makroepaiketa politikoekin amaitzeko ere eskatu zuen Genikako udalbatzak.