785 lagunek egingo dute Aulestiko Ermitarik Ermita mendi martxa
08:00etan irtengo dute plazatik ibilbide osoa egingo dutenak eta 10:30ean dute ordua, parkean, laburreko parte hartzaileek. 11 ermita bisitatuko dituzte ibiltariekJendetsua izango da, aurten ere, Aulestiko Ermitarik Ermita mendi martxa. 785 lagunek ema...
08:00etan irtengo dute plazatik ibilbide osoa egingo dutenak eta 10:30ean dute ordua, parkean, laburreko parte hartzaileek. 11 ermita bisitatuko dituzte ibiltariek
Jendetsua izango da, aurten ere, Aulestiko Ermitarik Ermita mendi martxa. 785 lagunek eman dute izena bihar egingo den mendi martxarako, eta aurreko urteetan modura, oraingoan ere bi ibilbide egongo dira aukeran.25 kilometrokoa izango da ibilbide osoa, eta egiteko bost ordu eta erdi inguru behar direla aurreikusten dute antolatzaileek. Beste ibilbide laburrak hamar kilometro izango ditu, eta hiru ordu inguruan egiteko modukoa izango da.
Martxa osoa egiten dutenak Aulestiko plazatik irtengo dira 08:00etan, eta auzo hauetan barrena ibiliko dira: San Anton, Goierri, Urregarai, Malats, Zubero, Urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika, eta Narea. Handik Aulestiko plazara bueltatuko dira.
Ibilbide laburrekoak, ostera, Aulestiko parketik abiatuko dira 10:30ean, eta Murelaga, Garatxaga, Lekerika, eta Narea auzoetatik ibili ostean Aulestiko plazan amaituko dute martxa.
Guztira 11 ermita bisitatuko dituzte ibiltariek, paraje ederretatik paseatzen duten bitartean. Hain zuzen ere, hauek dira igaroko dituzten ermitak: San Anton, Santutxu, Urregarai, Malats, Zubero, Urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika, Narea eta Elizatxu.
Bi hornidura gune egongo dira, bata Urregaraiko zelaian ipiniko dute, eta bestea, Garatxagan (San Paulo).
Halaber, amaieran, ohitura legez, kopaua egongo da herriko plazan eta partaideek eskumuturrekoa aurkeztuta parte hartu ahalko dute horretan.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, egunean bertan herriko tabernak zabalik egongo dira, gosaldu ahal izateko. Aparkalekuak ere zehaztuta egongo direla azaldu dute, eta aurreko urteetan modura, dutxak ere egongo dira behar dutenentzako.
Parte hartzaile guztiek jaso dute oroigarri moduan motxila bana. Izen ematea itxita dago, beraz, antolatzaileek azaldu dutenez ezin daiteke egunean bertan apuntatu.