Berritasunekin dator asteburuan izango den XI. Bermistorian
Erdi Aroko azokaren baitan, burdina zelan lantzen den eta Lodosako nekazarien lana ezagutzeko aukera egongo da. Gaur, Bermeoko Udalaren protokoloaz ariko diraBadator «herriko historia zabaltzea» helburu duen Bermistorian. Hala, Erdi Arora bueltatzeko...
Erdi Aroko azokaren baitan, burdina zelan lantzen den eta Lodosako nekazarien lana ezagutzeko aukera egongo da. Gaur, Bermeoko Udalaren protokoloaz ariko dira
Badator «herriko historia zabaltzea» helburu duen Bermistorian. Hala, Erdi Arora bueltatzeko aukera izango dute bermeotarrek asteburuan. Aurten, gainera, berritasunekin datorrela azaldu du kultura zinegotzi Aingeru Astuik, burdina zelan lantzen den eta Lodosako nekazarien lana ezagutzeko aukera egongo baita.Burdina zelan lantzen den ikusi gura duten horiek, zapatuan izango dute horretarako aukera. Herrementari aditu bat izango da goiz eta arratsaldez, burdina lantzen. Lodosako nekazariak, berriz, zapatuan eta domekan egongo dira azokan. Lodosako piperrak erretzeko prozedura erakustera datoz. Hala, bertaratzen direnek prozedura ikusteaz gain, piperrak dastatzeko aukera ere izango dute.
Hamaikagarrenera iritsi den Bermistorianen, hala ere, ez da Erdi Aroan girotutako azoka faltako, eta hainbat produktu dastatu eta erosi ahalko dira horretan; gazta, eztia, hestebeteak, txokolateak, bitxiak, loreak, xaboia, kremak… Zapatuan goiz zein arratsaldez izango da zabalik, eta domekan, berriz, goizez bakarrik. Guztira, 56 saltoki egongo direla esan du Astuik.
Azokaren inguruan, Erdi Aroko giroa sortzeko jarduerak ere egongo dira. Besteren artean, arkuzko tiroaren taldeak antolatutako jaurtiketak, zeramika tailerrak, loren tailerrak, oholezko jokoak eta Izaro Abesbatzaren kalejira izango dira, eta kale animazioa ere kalejiran ibiliko da.
Azoka baino gehiago
Bermistorianerako prestatuko egitaraua gaur bertan hasiko da, Arrantzaleen Museoan emango duten hitzaldi bategaz. Aingeru Astui kultura zinegotzia eta Arrantzaleen Museoako zuzendaria Bermeoko Udalaren protokoloaz ariko da. Batez ere, alkateak eta zinegotziek jai egunetan egiten dituzten gauzak azalduko dizkie bertaratutakoei, eta horiek denboraren poderioz zelan aldatu diren azalduko du ere.
Bermistorian antolatzen lagundu duten guztiak eskertu ditu Astuik. Era berean, bermeotarrei zein kanpotik datozenei Bermistorianeko ekintzetan parte hartzeko deia egin die, bai eta mozorroak janzteko deia egin ere, «norberaren giroa zein herrikoa alaitzen laguntzen duelako», haren esanetan.
Bestalde, asteburuan, Alde Zaharrean ibilgailuagaz ahalik eta gutxien ibiltzeko eskaera ere egin du Astuik.