Bihar bukatuko da diru laguntzak eskatzeko epea
Muxikako Udalak euskara ikasteko eta arteak bultzatzeko eta sustatzeko diru laguntzak emango dituela jakinarazi du. Hala, horiek eskatu ahal izateko epea bihar bertan bukatuko da. Bata zein bestea jasotzeko interesa duenak Zubieta-Errota eraikinera jo ...
Batetik, euskaltegi homologatu batean euskara ikasteagatik jaso ahalko du horri dagokion diru laguntza Muxikan erroldatutako herritarrak. Kasu horretan, matrikula eguna baino lehenagotik udalerrian erroldatuta egon beharko da diru laguntza eskatzen duena, eta, gainera, euskaltegi homologatu batean matrikulatuta egon beharko da. Diru laguntza hori jasotzeko, halaber, kurtsoko egutegi osoaren %80an bete beharko du klaseko bertaratzea.
50 edo 100 euroko laguntza
Hala, 100 orduko edo gehiagoko kurtsoak 100 eurogaz lagunduko ditu Muxikako Udalak, eta 100 ordutik beherakoak, berriz, 50 eurogaz.
Eskaera egiterakoan, NANaren kopia, euskaltegiaren matrikulazio agiriaren kopia eta kurtsoan zehar egutegiko %80an edo gehiagotan, klasera bertaratu dela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko ditu interesatuak.
Arteak bultzatzeko eta sustatzeko diru laguntza emateko prest agertu da, bestalde, Muxikako Udala.
Betebeharreko baldintzak
Muxikan bertan erroldatutako bizilagunek egin ahalko dute eskaria, inguruko udalerrietako eskola publikoetan musika arloko kurtsoetan matrikula egiteagatik; betiere, Muxikan ez bada antzekorik eskaintzen.
Diru laguntza horri dagokionez, eskatzailea diru laguntza eskatzeko epea bukatu baino lehenagotik egon beharko da erroldatuta herrian. Eta ikasketak egingo dituen pertsona adin txikikoa bada, familiako kide guztiak egon beharko direla erroldatuta zehaztu du udalak.
Halaber, 2014-2015 ikasturtean zehar egon beharko dira matrikulatuta.
Baldintza horiek betetzen dituztenek matrikulazio-gastua estaltzeko beste laguntza jasoko dutela azaldu du diru laguntza emateaz arduratuko den udalak.
Kasu horretan ere, hainbat agiri aurkeztu beharko dituzte interesatuek: hala nola, NANaren kopia, eskola publikoaren matrikulazio-egiaztagiria, eta adinez txikia bada, familia-liburuaren kopia.
Muxikako Udalak azaldu duenez, «eskabide-kopuruaren araberako zenbatekoa deialdian adierazi den aurrekontuaren zenbatekoa baino altuagoa izanez gero, horien guztien arteko banaketa egingo da».