Ortuen araudiari buruzko azalpenak emango dituzte gaur
Ibarra inguruko ortu ekologikoen erabilera arautzeko aurre-ordenantza onartu zuen udalbatzak irailaren 28an. Horri buruzko azalpenak gaur emango dituzte udal ardunardunek, eta parte hartzeko deia egin diete ortuak lantzeko interesa duten herritarrei. 1...
Osoko bilkuran onartutako ordenantza, baina, alda daitekeela esan du Ingurumen zinegotzi Maria Uribek. Barikuko batzarrak Piperra eta Gatza parte hartze prozesuarekin jarraitzea du helburu, eta ordenantzari herritarrek egin behar dizkioten ekarpenak batu gura dituzte.
Esakera orriak
Herritarrek egindako lagapenei esker, guztira 60 eta 75 metro koadro bitarteko 140 lurzoru inguru ipiniko dituzte gernikarren eskura. Lur horiek udal sistema baten bidez kudeatzea eta nekazaritza ekologikoa eta iraunkorraa bultzatzea da xedea, Uribek azaldu duenez. Hala, lurrak erabiltzeko interesa dutenek udaletxean eska dezakete eskabide orria. Era berean, www.gernika-lumo.net atarian ere eskuratu daiteke, Piperra eta gatza atalean.
Eskabideak aurkezteko epea urriaren 30ean amaituko da, eta ostean banatuko dituzte ortuak. Ortu baino eskari gehiago balego, zozketa egingo dutela jakinarazi dute udal arduradunek.
Aholkularitza
Ingurumen zinegotziaren esanetan, ekimen horrek herritarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzea du helburu. Baina erabiltzaileek ortu ekologikoetan ekoizten dutena norbere kontsumorako izan beharko duela esan du; beraz, produktu horiek ezingo direla, inolaz ere, salmentara bideratu.
Laguntza eta aholkularitza ere emango die udalak Ibarrako ortuak landu gura dituzten herritarrei. Erabilera egokia egiteko, eta sasoi bakoitzean zer landatu daitekeen jakiteko, monitore bat jarriko du Gernika-Lumoko Udalak.
Horrez gain, ortuak banatu aurretik ere nekazaritza ekologikoari buruzko tailerra emango dutela jakainarazi dute.