Zesta-punta jaialdia, Izarbidean eta zesta-punta eskolaren alde
Herritarrei zesta-punta ikuskizun handi bat eskaintzeko asmoz elkartu dira herriko talde biak. Maila handiko pilotariak irtengo dira Uni frontoiko kantxaraZesta-Punta jaialdi handia antolatu dute Izarbidean elkarteak eta Zesta-Punta Eskolak urriko azok...
Herritarrei zesta-punta ikuskizun handi bat eskaintzeko asmoz elkartu dira herriko talde biak. Maila handiko pilotariak irtengo dira Uni frontoiko kantxara
Zesta-Punta jaialdi handia antolatu dute Izarbidean elkarteak eta Zesta-Punta Eskolak urriko azoka egunerako. Talde biek indarrak batu dituzte herritarrei maila handiko zesta-punta ikuskizun bat eskaintzeko asmoz, eta bide batez, lortzen dena, elkarteari eta eskolari laguntzera bideratuko da.Zesta-punta jaialdi handiak egon dira urtero Karmen Egunean, Markina-Xemeinen. Aurten, baina, ez da pilotari profesionalekin jaialdi berezirik egitea posible izan, eta beraz hutsune hori bete nahi dute herriko elkarte biek jaialdi on bat eskainita. «Horrelako ekintza bat antolatzeak aurrekontu handia eskatzen du, eta beraz, bi taldeok bat egin dugu jaialdia posible egiteko», azaldu du Josu Mugartegi Atain Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako lehendakariak.
Bertatik, zesta-punta eskolatik sortu zen ideia. Urriko azoka eguna argi zeukan Mugartegik. «Egun egokia izan daiteke horrelako jaialdi handi bat egiteko, goizeko ekimenak kirol jaialdi handi bategaz borobildu ahal direlako».
Maila handiko pilotariak
Proposamenagaz joan ziren zesta-punta eskolakoak Izarbidean elkartera, eta egitasmoagaz bat egin zuten berehala. «Jendea frontoira joatea, zaletasuna suspertzea eta zesta-punta indartzea ere bada helburua, eta jaialdi honek erantzun ona izanez gero aurrerago beste batzuk ere antolatu ahal ditugu», aitatu du Luis Egurrola Izarbidean elkarteko lehendakariak.
Jaialdi on batek maila goreneko pilotariak behar zituela eta, «Euskal Herrian geratzen diren onenak» gonbidatu dituztela azaldu du zesta-punta eskolako lehendakariak.
Lehenengo partidan eskolako pilotariek jokatuko dute. Jokin Arbe eta Eñaut Salegi markina-xemeindarrak egongo dira alde batetik, eta Antxon Alberdi Etxebarriako aurrelaria eta Jonathan Etxebarrieta Etxeba markina-xemeindarra bestetik. «Afizionatu mailan jokatzen duten pilotari onenen artekoak dira», nabarmendu du Mugartegik.
Profesional mailan, bestalde, Goikoetxeak eta Inzak, Egiguren II eta Alliez I izango dituzte aurkari. «Enbil eta Irastorzagaz jarri ginen kontaktuan hasiera batean, baina, Enbil mina hartuta dago eta Irastorzak bere negozioaz arduratzera joan behar izan du. Beraz, hemen geratzen diren profesional hoberenak aterako dira Uni frontoiko kantxara», esan dute.
Elkarteentzako laguntza
Herritarrei kirol ikuskizun handi bat eskaintzeagaz gain, jaialdiak bestelako ekarpena ere egingo die herriko talde biei. Izan ere, eguneroko ekimenak aurrera ateratzeko laguntza ezinbestekoa izaten da. Zesta-Punta Eskolak pilotariekin irteerak egiten asteko asmoa dauka, Miarritzera edo Tolosara esate baterako, baina mugitzek kostu handia dauka. Materiala berrizteko premia ere badaukate, gainera. Orain dela lau urte berritu zituzten umeentzako zestak eta egun, birrinduta daude. Beraz, umeentzako kirol materiala erostera bideratuko dute batez ere, laguntza. «Gazteei abiatze ikastaroak ezelako kostu barik eskaini ahal izateko», argitu du eskolako lehendakariak. «Martitzenetan eta eguenetan abiatze ikastaroak ematen ditugunean guk jartzen diegu materialea. Zestarako zinta ekartzen dute umeek, bakarrik. Daukan kostu handiagaz, umeek ezin dute zesta bat erosi, aurrera egingo duten edo ez ere jakin barik. Horretarako da gure inbertsioa: umeek zesta-puntan jokatzen ikasteko baliabideak izateko».
Egoera berean daude Izarbidean elkartekoak ere. Irteera txikiena egiteko aurrekontu handia behar dute, eta beraz, laguntza balego, ongi etorria izango litzateke.