Kulturarteko bizikidetzari buruzko programa lantzen ari dira eskoletan
Sentsibilizazio programa Busturialdeko hamar ikastetxeetan landuko dute. L.H-ko 5. eta 6. mailetako eta D.B.H-ko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago egitasmoaBusturialdeko hamar ikastetxeetan landuko dute ikasturte honetan kulturarteko bizikide...
Sentsibilizazio programa Busturialdeko hamar ikastetxeetan landuko dute. L.H-ko 5. eta 6. mailetako eta D.B.H-ko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago egitasmoa
Busturialdeko hamar ikastetxeetan landuko dute ikasturte honetan kulturarteko bizikidetzaren inguruko sentsibilizazio programa.Guztira, eskualdeko 500 bat ikaslek parte hartuko dute egitasmoan, ikasturteko lehen hiruhilekoan.
Dagoeneko,Busturiako eskolan eta Gernika-Lumoko Allende Salazar eta San Fidel ikastetxeetan aste honetan ekin diete programa lantzeari.
Eta datozen asteetan honako zentroetan ariko dira egitasmoa garatzen: Gernika-Lumoko Mertzede, Seber Altube eta CIP Gernikan, Arratzuko Barrutialde institutuan eta Barrutia ikastetxean, Gautegiz-Arteagako eskolan, eta Muxikako eskolan.
Hiru helburu argi
2008-2009 ikasturteaz geroztik, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Inmigrazio zerbitzuak urtero antolatzen du egitasmo hau.
Hiru helburu zehatz ditu: Aniztasuna errespetatzeko jarrerak bultzatzea, etorkinei buruz dauden estereotipoak modu kritikoan aztertzea, eta kultura desberdinen artean sortzen diren gatazkak konpontzeko jarraibideak ematea.
Horretarako, ikastaroak Biltzeneko laguntzaile diren monitoreek emango dituzte. Hain zuzen ere, besteak beste, Marokoko (Afrika), Argeliako (Afrika), Beningo (Afrika), Errumaniako (Europa), Venezuelako (Hego Amerika) eta Peruko (Hego Amerika) bizilagunek izango dute saioak gidatzearen ardura.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Inmigrazio zerbitzutik azaldu dutenez, berebiziko garrantzia du monitoreak jaioterri desberdinetakoak izatea: «Ikasleen artean etorkinei buruz dauden estereotipoak apurtzeko».
Ordu eta erdiko saioak
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago sentsibilizazio programa. Horiek sei orduko ikastaroa egingo dute, ordu eta erdiko lau saioetan banatuta.
Lehenengo saioan nortasunaren eta kultur arteko aniztasunaren inguruan ariko dira.
Bigarrenean, inmigrazioa eta estereotipoak izango dituzte mintzagai, horiek nola baldintzatzen duten, eta jarrera desberdinen azterketa eginez.
Hirugarren saioa, berriz, gatazkak konpontzeko jarraibideei buruzkoa izango da. Bertan, besteak beste, gatazkei aurre egiteko modu desberdinek dituzten ondorio pertsonal zein pertsonen arteko ondorioak ebaluatuko dituzte.
Azkenik, laugarrenean, kultur arteko gatazkak eta berezitasunak landuko dituzte ikasleek. Horretarako, besteak beste, kultur arteko gatazken zenbait ezaugarri zehatz identifikatuko dituzte.
Saio horiek bi eduki multzotan antolatu dituzte. Alde batetik, norberaren eta besteen identitateaz eta pertzepzioaz ariko dira ikasleak. Beste aldetik, pertsonen arteko eta kultura arteko harremanen azterketa ere egingo dute.
Sentsibilizazio proiektu hau garatzeko programa, partaidetzan eta ikasle taldea ikaskuntzarako tresnatzat hartutako metodologian oinarritzen da.
Horrela dinamizatzaileek hausnarketara bideratuko dituzte ikasleak, eta, funtsean, besteekiko harremanetarako ideiak eta inplikazioak kalifikatuko dituzte.
Programaren bitartez, eskualdeko ume eta gaztetxoek edozein giza taldetan dagoen aniztasuna ulertzea, eta hori modu positiboan baloratzea lortu gura dute.
Halaber, bereizitako taldeen edota pertsonen kategoriak askotan hierarkizatuak gizartean ezartzea eragiten duten askotariko faktoreak kritikoki aztertzeko gai izatea ere bada asmoa.
Hedabideen eragina
Era berean, irudikari sozialetik eta komunikabideetatik eratorritako aurreiritziak eta estereotipoek haien pertzepzioetan eta harremanak izateko moduetan duten eragina aztertzeko gai izatea lortu nahi dute.
Kultur arteko Bizikidetza eta Integraziorako Biltzen deritzan zerbitzuak diseinatu eta antolatu du proiektua. Eta Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzaren diru-laguntza bati esker garatuko dute.
Sei orduko ikastaro honegaz batera, beste bi aukera ere eskaintzen dituzte Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Inmigrazio zerbitzutik.
Alde batetik, zine-foruma egiteko eskaintza dago, eta beste alde batetik, ikus-entzunezko komunikabideen irakurketa kritikoa egiteko tailerra.