Jatorriarekin harro sentitzeko eguna
Euskal Jaia festa izatetik, harro egoteko eguna izatera igarotzeko gonbidapena egin zuen Elai-Alai dantzari taldeak zapatuan. Euskaldun izatearekin harro, aldarrikapenerako deia ere egin zuen.Euskaldun izatearekin harro. Gernikarrek hala bizi beharko l...
Euskal Jaia festa izatetik, harro egoteko eguna izatera igarotzeko gonbidapena egin zuen Elai-Alai dantzari taldeak zapatuan. Euskaldun izatearekin harro, aldarrikapenerako deia ere egin zuen.
Euskaldun izatearekin harro. Gernikarrek hala bizi beharko lukete Euskal Jaia. Elai-Alai dantzari taldearen mezua ozen entzun zuten herritarrek zapatuan, Euskal Jaiari hasiera eman zioten unean.Kalejiran heldu zen herritar talde handi bat Merkurio iturriaren parera; eta han zirenei batu zitzaizkien, txupinaren zain. 1965ean Elai-Alai dantzari taldea bersortu zutenetik 50 urte bete dira aurten, eta sortzaile eta ondorengoak izan dira aurten Euskal Jaiari hasiera ematearen arduradunak. Txomin Unzaluk eta Egoitz Atxikallendek irakurri zuten mezua eta, esan zutenez, belaunaldiz belaunaldi iraun duenaren lekuko dira gaur egungo herritarrak: «Hartu genuena baino euskaldunago utzi gura genuke herria. Kantuz kantu eta dantzaz dantza, garenaren zati bat bizi, goztu, erakutsi eta irakatsi dezagun».
Jaia baino gehiago
Zapatuko egunari Euskal Jaia izena ipini diotela aipatu zuten, baina hori baino gehiago izan dadin eskatu zuten: «Izan dadila gurearekin harro sentitzeko egun bat, garena aldarrikatzeko egun bat. Gaur, aldarrikatu dezagun nondik gatozen, hori da-eta inora heltzeko modu bakarra».
Euskal jantziak soinean atera ziren herritarrak zapatuan kalera, ume zein adineko, gazte zein heldu. Euskal Herriko Kantaguneko kideen ahotsak kaleak alaitu zituzten, eta Elai-Alai eta Olarri dantza taldeen pausoen erritmora dantzatu zuten hainbat herritarrek. Trikitilariak, gaiteroak… Festak euskal kutsua hartu zuen zapatuan, Gernika-Lumon. Eta folkloreak ez ezik, kirolak ere bere tartea izan zuen kaleetan. Artekalek hartu zuen herri kirolen erakustaldian jendetza batu zen eguerdi partean.
Merkatu plazan egin zuten herri bazkaria, urtero legez. Han bildutakoek, tripa betetzeko ez ezik, kantuan eta dantzan ibiltzeko aukera izan zuten. Iluntzean, Pasealekuan jarraitu zuen festak, erromerian.