EAJk pintaketez esandakoa kritikatu du EH Bilduk
Lekeitioko EAJk Batzokiaren pintaketen inguruan egindako balorazioak «neurriz kanpokotzat» jo ditu Lekeitioko EH Bilduk. Argi utzi nahi izan dute pintaketak «mesede makala» egiten dietela normalizazio politikoari berebiziko garrantzia emoten dieten...
«Jakin dakigun arren, gatazka armatuak ere eragin izan duela mina, erantzukizun politikoa daukan edonork jakin beharko luke Espainiar eta Frantziar estatuak direla gure herria suntsitzeko darabilenak terrorismoa. Estatu bi honeek eragin izan dute bortizkeria 36ko gerra aurretik ere, eta, gaur egun ere horrela diraute. Estatu biok gauzkate gatazka politikoa konpontzeko ukazio biribilean. Gainera, sarritan motiboak daukaguz pentsatzeko EAJko botere ekonomiko-finantzieroak konplizeak direla eginkizun horretan», adierazi dute.
Demokratak errudun
Bestalde, Lekeitioko EAJri perspektiba historikoari eustea eskatu diote. «Mandela handia ere borroka armatuari lotuta zegoen eta ‘terrorista’ izatetik bere herrialdeko presidentea izaten amaitu zuen. Antzera, 36ko gudariak, horiek ere ‘rojo-masones’ izan ziren, gure miresmena eta begirunea eureri».
Gainera, demokraziaren ukatzaileei begiratu eta salatu beharrean, EAJk benetako demokrazia burrukatzen dutenak egiten dituela errudun dio EH Bilduk. «Nork ukatzen dio herri honi erabakitzeko eskubidea? Nork aginduko du 107 Herriko Taberna zarratzea eta nork betearaziko du? Nork dauzka euskal militanteak preso eta txanpon politiko modura? Nork ukatzen du azken batean normalizazio politikoa?», galdetu dute. Lekeitioko EH Bildurentzat, galdera guzti horien erantzunak jakitera emango du «demokraten eta ez demokraten arteko marra zein den».
Azkenik, EH Bildun, benetako demokrazia eskuratzeko ahaleginetan dabiltzala azpimarratu dute, kosta ahala kosta. «Arrisku handiak hartu ditugu zeregin horretan gure konpromisoa zintzoa delako eta ez gabiltzalako unean uneko etekin politiko mizkinei begira. Eta oztopoak oztopo horretan jarraituko dugu».