354 gaztetxok parte hartu dute Ondarroako Umeen 17. arrantza lehiaketan
Gorka Alegria ondarrutarrak 800 gramoko arraina harrapatu du, lehiaketako handiena. Eneko Horrillo eta Xuban Nieves ondarrutarrek 93 eta 69 arrain harrapatu dituzte, hurrenez hurrenOndarroako umeen arrantza lehiaketak Artibai ibaiaren inguruak arrantza...
Gorka Alegria ondarrutarrak 800 gramoko arraina harrapatu du, lehiaketako handiena. Eneko Horrillo eta Xuban Nieves ondarrutarrek 93 eta 69 arrain harrapatu dituzte, hurrenez hurren
Ondarroako umeen arrantza lehiaketak Artibai ibaiaren inguruak arrantzale gazteez bete zituen zapatuan. Arrigorri itsas arrantza elkarteak igorritako datuen arabera, 4 urtetik 14 urtera bitarteko 354 gaztetxok parte hartu zuten ekimenean. Parte hartzea iazkoa baino zer edo zer txikiagoa izan bazen ere, giro onik ez zen falta izan.Ohi legez, 14:00ak bueltan parte hartzaile guztiak frontoian batzen hasi ziren. Han, antolatzaileen eskutik, poltsa bat, ogitartekoa, freskagarria eta arrantzan egiteko hainbat material jaso zituzten. Ostean, Itsasaurre plazara abiatu ziren guztiak txistularien atzetik.
Behin Itsasaurre plazara ailegatuta, 14:50ean jaurtitako bolanderak lehiaketaren hasiera iragarri zuen. Bolandera hotsa entzun orduko, asko portuaren eta zubi zaharraren artean arrantzan egiteko euren tokirik gogokoena azkarren harrapatzeko aringa-aringa hasi ziren.
Lagunekin eta gurasoekin
Umeak lagunartean zein gurasoek lagunduta, pozik ibili ziren arrantzan, eta zortearen arabera, batzuk arrain gehiago harrapatzeko aukera izan zuten.
17:30ean botatako bolanderak arrantzan egiteko tartea amaitu zela iragarri zuen. Euren tresnak jaso ostean, sari banaketan batu ziren frontoian.
Banatu ziren sarien guztien artean, arrainik handienaren saria Gorka Alegria 13 urteko ondarrutarrak jaso zuen. Alegriak 800 gramoko arraina harrapatu zuen. Arrain kopuruari dagokionez, 9 eta 14 urte bitarteko kategorian, Eneko Horrillo 12 urteko ondarrutarra izan zen onena. Horrillok, denetara, 93 arrain harrapatu zituen. 4 eta 8 urte bitarteko kategorian, ostera, Xuban Nieves 6 urteko ondarrutarra izan zen onena. Guztira, 69 arrain harrapatu zituen.
Lehiaketan estreinako parte hartzen duten 4 urteko umeen artean zozketa bat egin ohi da urtero, eta aurten sarituak honakoak izan ziren: Nahia Belaustegi eta Ager Ojeda. Eguna, Maixa eta Manex pailazoen jaildiagaz amaitu zuten.