Marabilli Sormen Festibala inoizkorik jendetsuena izan da
Eguenetik hasi eta domekara bitartean egin diren ekimenetan, jende asko batu da. Egitaraua osatu dutenen artean, herrikoen parte hartzea azpimarratu dute antolatzaileekOndarroa azken lau egunotan sormenaz blai izan duen Marabilli Sormen Festibala amait...
Eguenetik hasi eta domekara bitartean egin diren ekimenetan, jende asko batu da. Egitaraua osatu dutenen artean, herrikoen parte hartzea azpimarratu dute antolatzaileek
Ondarroa azken lau egunotan sormenaz blai izan duen Marabilli Sormen Festibala amaitu ostean, haren inguruko balorazio ezinhobea egin dute berau antolatzen aritu diren Manuelistek.Kirmen Uriberen iritziz, jaialdiak aurten «jauzi kualitatibo handia» eman du. «Parte hartze aldetik oso pozik gaude; jende asko hurreratu da herrira. Barruko ekintza askotan sarrera guztiak agortu egin dira, eta kalean egin diren ekimenak ere oso jendetsuak izan dira».
Antolatzaileek gainera, aurten herritarrek ekimenetan izan duten presentzia azpimarratzekoa dela adierazi dute. «Kanpotik ez eze, egitaraua osatu duten artisten artean inoizkorik ondarrutar gehien izan dugu».
Atsedenik barik
Ondarroako kaleetara hurbildu direnek zineaz, antzerkiaz, hitzaldiez, kontzertuez… gozatzeko aukera izan dute etenik barik, eta horiei guztiei hasiera ofiziala eguen iluntzeko kalejira koloretsuak eman zien. Behin Behikozinira ailegatuta, jaialdiaren beraren inaugurazio ekitaldi xumea egin zen. Izar Aramaiok, Aitzol zenaren alabak, sarrera eman zion eguen iluntzeko ekitaldiei. Aramaio gazteak argazki-filmeekin egindako zinta moztu zuen, Kirmen Uribe Manuelistaren besoetan igota.
Ostean, jendez bete-bete egindako aretoan hasi zen Sormena 10 minutuan deritzon ekimena. Txo! antzerki kolektiboko kideek gidatu zuten ekimena, eta ohikoa den modura, ez zen umorerik falta.
Joseba Sarrionandia idazleak Marabilli berbaren inguruan idatzitako saiakera irakurtzen hasi zuten ekimena Txomin Letamendik eta Kirmen Uribek, eta ondoren, Pepe Mugikak bere gustuko poemari buruz hitz egiten zuen bideoa proiektatu zuten.
Horien atzetik Uxue Alberdiren, Jose Pablo Arriaga eskultore markina-xemeindarraren, Jon Badiola musikari ondarrutarraren, Itziar Ituño aktorearen eta Jose Mari Agirretxe Porrotx pailazoaren txanda izan zen. Beikozinin batutakoek, bata zein besteak oholtza gainean kontatukokoagaz gozatzeko aukera izan zuten.
Zazpi gonbidatuen saioen ostean, Manuel Rivas idazle ezagunaren poema errezitaldia hasi zen. Antolatzaileek nabarmendu zutenez, Rivasen moduko pisua duen idazle bat Ondarroan izatea «ohore bat» izan da. Izan ere, Galiziako idazlea aurrekoetan gonbidatu bazuten ere, ezin izan zuen etorri. Ramon Ibarra aktoreak eman zion sarrera ekimenari, eta Rivasek hainbat poema irakurri zituen gazteleraz zein galizieraz.
Momenturik gustukoenak
Eguenean ez eze, barikuan egin ziren ekimenetan ere jende asko batu zen. Henri Herbert pianista ezagunak, esate baterako, piano emanaldi ederra eskaini zuen Jai Braianeko aterpean. Berez, Musika Plazan zen jotzekoa Herbert, baina euri zaparrada itzela ari zuenez, euritik babestutako lekuan jo zuen Asier Ituartek utzitako isatsdun pianoa.
Izerditan blai amaitu zuen ordutebete inguruko emanaldia Herbert-ek, eta han batutako guztiak aho zabalik utzi zituen. Musikariak adierazi zuenez, «gustura eta txundituta» geratu zen Ondarroan eta jaialdian, oro har, aurkitu zuen giroagaz.
Bestalde, bariku iluntzean Bide Onera zinemara hurbildu zirenek Montxo Armendariz zinemagileagaz batera, harek zinearen inguruan eskainitako masterclass-agaz gozatzeko aukera izan zuten. Solasaldi ederra eskaini zuen Asier Altuna zine zuzendariarekin eta Jose Mari Argoitia kazetariekin batera.
Armendarizek bere bizipenei buruz eta zinemako momenturik gogokoenei buruz luze berba egiteko aukera izan zuen. Tartean, gainera, bere sekuentziari gustokoenak proiektatu ziren, eta haien inguruan ere aritu zen zinemagile nafarra. Aurretik, gainera, herriko hainbat aktorek Rosa rosi de mundu nanoantzerkia eskaini zuten 34 dantzatokian. Karle Beristainek zuzendutako lehen obrak ikusleetako asko zur eta lur utzi zituen, eta kritika onak jaso zituen herritarren artean.
Estreinaldi mundiala
Rosa rosi de mundu estreinatzeaz gain, zapatuan Donostiako Zinemaldian parte hartu duen Amama filma estreinatu zuten Abante zina, Aitzol! ekimenaren barruan. Hain zuzen ere, filma aurkezten bertan parte hartu duten taldeko hainbat kide egon ziren. Asier Altuna (zuzendaria), Koldo Almandoz (making of-aren egilea), Iraia Elias (Amaia) eta Amparo Badiola (Juliana) aktore nagusiak eta Marian Fernandez (ekoizlea). Zine aretoa bete-bete eginda egon zen, eta han batutakoek txalo zaparrada artean hartu zituzten gonbidatuak. Amparo Badiola, esate baterako, erabat hunkituta igo zen oholtza gainera. Herrian bueltan egoteak asko poztu zuela nabarmendu zuen Badiolak.
Filmaren proiekzioa amaitu eta gutxira, Dantzarteko dantzariek ikuskizun ederra eskaini zuten alde zaharreko balkoietan. Zortzi balkoietan kokatuta, Marabilliko kamisetak soinean zituzten hamasei dantzarik aho zabalik utzi zituzten alde zaharrean batutako guztiak. Era berean, zapatu eguerdian kalekurutzeko eskaileretan Hutsun Txalaparta taldeak eskainitako emanaldiak ere ikusleak gustura utzi zituen.
Asteburuko ekintzak, domekan amaitu ziren Anariren disko berriaren kontzertuagaz. Aldaketarik ezean, Marabilli Sormen Festibala bi urte barru bueltatuko dela iragarri dute Manuelistek.