Inhar Urruzunok ezin izan dio Euskadiko harri txikien harri jasotze txapelari eutsi
Aimar Irigoienek zortzigarrenez jantzi du txapela. Harrijasotzaile ondarrutarrak irabazleak baino lau jasoaldi gutxiago egin ditu. Urruzunok arriskatzea erabaki du, baina ez du asmatuInhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrak ezin izan du Euskadiko h...
Aimar Irigoienek zortzigarrenez jantzi du txapela. Harrijasotzaile ondarrutarrak irabazleak baino lau jasoaldi gutxiago egin ditu. Urruzunok arriskatzea erabaki du, baina ez du asmatu
Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrak ezin izan du Euskadiko harri txikien txapelketa bigarrenez irabazi. Iazko txapelduna gogor aritu bazen ere, Aimar Irigoien Gipuzkoako txapeldunak eskuratu du txapela, zortzigarrenez.Txapela lortzeko norgehiagoka estua jokatu ostean, gutxigatik ihes egin zion garaipenak ondarrutarrari. Zehatz esanda, 101 jasoaldi (11.812,5 kilo denetara) egin zituen Urruzunok, Irigoienek baino lau gutxiago. «Fisikoki ondo sentitu nintzen, eta gauzak ez nizkion erraz utzi Irigoieni».
Gorozikakoak txapela janztea lortu ez badu ere, pozik dago egindako beharragaz. «Pozik egoteko moduko marka egin dudala deritzot». Hain zuzen ere, bere helburua iaz txapela lortu zueneko marka hobetzea zen, eta hori gainditzea lortu zuen domekan Aiako probalekuan.
Otaegirik gabe
Probari dagokionez, hiru izan ziren bertan partu hartu zutenak. Izan ere, Jagoba Otaegi ez zen bertan egon. Ohi modura, zozketa bidez erabaki zen bakoitzak noiz egin beharko zituen lanak, eta horietan lehena, Iñigo Eizagirre izan zen. Haren atzetik aritu ziren Irigoien eta Urruzuno.
Lanei dagokienez, lau harri jaso behar izan zituzten, eta bakoitzagaz aritzeko hiru minutu izan zituzten. Hasieratik nahikoa berdinduta ibili ziren Urruzuno eta Irigoien. 125 kiloko harri laukizuzenagaz 30 jasoaldi egin zituzten biek, eta 125 harri zilindrikoagaz, gainera, aurrea hartu zuen ondarrutarrak; Irigoienek baino jasoaldi bat gehiago egin zuen, 30 guztira. «Lehen harriagaz jasoaldi kopuru berbera egin genuela ikusita, kopagaz arriskatu egin behar nuela iruditu zitzaidan, baina azken momentuan indar gabe geratu, eta altxaldi bat gehiagogaz gelditu egin behar izan nuen».
Urruzunok nabarmendu duenez, hortik aurrera indarrak berreskuratu ezinik ibili zen. Hala, osteko bi harriekin ezin izan zuen Irigoienek baino hobeto aritu. «Lehertuta amaitu nuen, eta gerokoan, indarrak ezin berreskuratuta ibili nintzen. Bat gutxiago ere baginen, eta hori ere igarri egin zen. Izan ere, harritik harrira atseden hartzeko denbora gutxiago izan genuen».