Duen balioa aitortu diote Jai Alai frontoiari, sarreran xafla bat jarrita
Mugimendu modernoaren jabego arkitektonikoa zerrendatzea, zabaltzea eta babestea helburu duen nazioarteko Docomomo Fundazioak Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiko sarreran jartzeko xafla bereizgarri bat eman zuen. Hala, atzo bildu ziren frontoian bertan, ...
Beste hainbaten artean, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatu Lorea Bilbao, Euskadiko eta Nafarroako Arkitektoen Elkargo Ofizialeko ordezkari Matxalen Akasuso eta elkargoko presidente Pablo Nistal izan ziren atzo Jai Alaiko ekitaldian.
Gorroñok hartu zuen lehenengoz hitza, eta Secundino Zuazo arkitekto bilbotarrak proiektatutako frontoi horrek herrian eta herriko gazteen artean sortutako eraginaz hitz egiten hasi zen. Jai Alaiko ateak 1963. urtean ireki zirela gogorarazi zuen Gernika-Lumo alkateak.
Akasusok, aldiz, eraikuntza hori «zaindu eta gordetzeko, eta kontatu eta zabaltzeko» eskaria egin zien Gernika-Lumoko Udalari eta Bizkaiko Fotu Aldundiari. Era berean, elkargoak ondare horren balio arkitektonikoa «burubelarri aldarrikatzen» jarraituko duela nabarmendu zuen.
Bilbaok, bere aldetik, Gernika-Lumoko erdigunean kokatuta dagoen hori zaintzeko eta babesteko konpromisoa erakutsi zuen: «Ondare hori aintzakotzat hartzea eta balioaztatzea gure zeregina da». Halaber, Bizkaia ezagutzeko Jai Alai frontoian «derrigorrezko geldialdia» egin behar dela adierazi zuen.