«Pentsatu baino askoz hobeto joan da denboraldia»
Euskal Kopa irabazi berri du Maria Zorrozak (Gernika-Lumo, 1988). Hurrengo erronka hilabete honetan Italiako Limone Extreme izango da. Lasterketa horregaz ametsa beteko duela eta pozik da kirolaria.Euskal Kopa irabazita, eta denboraldia amaitzear, zela...
Euskal Kopa irabazi berri du Maria Zorrozak (Gernika-Lumo, 1988). Hurrengo erronka hilabete honetan Italiako Limone Extreme izango da. Lasterketa horregaz ametsa beteko duela eta pozik da kirolaria.
Euskal Kopa irabazita, eta denboraldia amaitzear, zelako balorazioa egiten duzu?Aurtengo helburua Euskal Kopako lasterketak lehiatzea zen, eta pentsatu baino askoz hobeto joan da denboraldia. Izan ere, gihar bikietako kargen eraginez ezin izan nuen denboraldi-aurrea ondo egin. Ez zidan uzten entrenatzen nik nahiko nukeen moduan, eta orduan duda askogaz hasi nintzen. Sasoia hartzeko Euskal Kopako lasterketen aurretik, martxoan Beasaingo Arriaran lasterketa egin nuen. Gero Euskal Txapelketan oso egun txarra eduki nuen. Eta apirilean, Mendaron Kilimon lasterketan podiuma lortu nuen, hirugarren sailkatuta.
Helburua beteta, beraz?
Bai, sobran. Ez naiz batere lehiakorra. Baina, inguruan animatzen eta laguntzen nauen jendea daukat, zeozer lortu ahal dudala ikusten dutenak. Orduan, gutxi gorabehera haiek gidatzen naute. Gustatzen zaidalako korritzen dut, asebetetzen nauelako.
Euskal Kopan egindako azkena domekako Gorbeiakoa izan da.
Oso ondo atera zitzaidan. Lehenengo hirurak mundu mailan onenen artean daude. Laugarren heldu nintzen, haiengandik distantzia nahikora, baina, atzetik ere jende oso ona utzita. Ezagun asko izan nituen animatzen eta hori gehigarri bat da.
Txapelketa horren barruan zein beste lasterketa lehiatu dituzu?
Lehenengoa Irungo Erlaitz Aiako Harriak lasterketa izan zen, eta bigarren postua lortu nuen. Alizia Olazabalen atzetik geratu nintzen, beterana bat da, eta mendiko lasterketetan izena duena. Izabako Camille Extremen ere izan nintzen, lasterketa gogorra da, eta hor hirugarren postua lortu nuen. Amurrioko Trailean bigarren postua lortu nuen.Gero, denboraldiko bigaren zatian, irailaren 5ean, iparraldean, Azkaingo lasterketa errekorra lortuz irabazi nuen.
ISF (International SkyRunner Federation) Sky Runner National Serietarako puntuagarri diren probak ere egin dituzu.
Bai, Euskal selekzioagaz hartu dut parte horietan. Uztaileko Zumaia Flysch maratoian hirugarren sailkatu nintzen. Aurreko biak maila handikoak ziren: Oihana Cortazar lehenengo egin zuen, eta Paloma Lobera katalana. Gero, uztailaren 26an, Andorraran Coma Pedrosako lasterketa zazpigarren amaitu nuen. Espektakularra izan zen, inoiz 3.000 metroko mendi batean egon barik nengoen! Guztiz sentipen diferentea izan zen. Mendi mendiko proba da, denean harria… Abentura itzela!
Eta zein da hurrengo erronka?
Urriaren 17ko Italiako Limone Extreme lasterketara noa, Munduko kopako finalera. Uste dut mundu honetan gauden denon ametsa dela bertan egotea, han korritzeko aukera izatea. Eta aurten bete egingo da; sari bat da niretzat. Ez dut ezer irabazteko, ezta galtzeko ere; gozatzera noa. Gainera, aurreko gauean, leku berean, nire lehen lasterketa bertikala egingo dut. Euskal Selekzioko denok goaz, eta baita Arrolapeko kide batzuk ere. Euskal Herritik 20 bat lagun animatu gara. Denboraldi borobiltzeko esperientzia ikaragarria izango dela uste dut.
Lasterketa horregaz amaituko al duzu denboraldia?
Oraindik ez dakit. ISF-n hirugarren noa, eta puntuen arabera, hirugarren postu hori bermatzeko agian Bartzelonara joango naiz azaroan.
Egindako lasterketetatik zein da gogorrena edota bereziki gogoratzen duzuna?
Gogorrena Andorrakoa izan zen, diferentzia handiagaz gainera. Eta gehien gogoratzen ditudanak aurreko domekako Gorbeakoa, eta Andorrakoa dira. Azken horren paisaiak, hango mendirik altuena igotzea, izan nituen sentipen desberdinak… Gainera, hori izan zen Euskal Selekzioagaz kanpora egindako lehen irteera, eta esperientzia oso polita izan zen.
Entrenamendu gogorrak beharrezkoak al dira halako mailan lehiatzeko?
Astegunetan lanagatik eguerdiko atsedenaldietan edota iluntzean entrenatzen dut. Entrenamendu nahiko laburrak izaten dira, eta askotan asfaltoan. Bizikleta estatikoan, edo eliptika ere aritzen naiz apur bat. Asteburuetan mendian entrenamendu luzeagoak egiten ditut: Gorbea aldetik edo hemengo Atxarretik eta Ogoñotik. Hasieran mutil lagunak ipintzen zizkidan entrenamenduak prestatzaile fisikoa delako, baina, selekzioan hasi naizenetik Jokin Lizeaga bertako prestatzaile fisikoagaz nabil.
Urtebete pasatxo daroazu lehian, eta tarte horretan maila handikoen pare egotea lortu duzu; ez da ez edozelako marka.
Helburu zehatz barik hasi nintzen iazko uztailean, eta aurten serioago hartu dudala esan liteke. Guztia honek betetzen nauelako nabil honetan. Emaitzek jarraitzeko indarra edo bultzada ematen dute. Baina, zaletasun bat niretzat. Gainera, ezagutzen duzun jendea, dagoen giroa… Ez da asfaltoko lasterketetan bezalapikarokeria gehiago dago horietan, lehiakortasun gehiago. Mendian beste gauza bat da: ez dagoenez profesionalizatuta, denontzat zaletasuna denez, giro polita sortzen da eta lagun asko egiten dituzu.