'Kolorien mundura Dzanga' egingo du Lekeitioko Aisialdi Zerbitzuak, bihar
Jai erraldoia antolatu dute zerbitzuari hasiera emateko. Ludotekari, Kideguneari eta Gazteguneari Erdigune zerbitzu berria gehituko zaie. Iazko talde berak kudeatuko du zerbitzuaKolorien mundura Dzanga! eginez aisialdi zerbitzuari hasiera emango diote ...
Jai erraldoia antolatu dute zerbitzuari hasiera emateko. Ludotekari, Kideguneari eta Gazteguneari Erdigune zerbitzu berria gehituko zaie. Iazko talde berak kudeatuko du zerbitzua
Kolorien mundura Dzanga! eginez aisialdi zerbitzuari hasiera emango diote bihar, lekeitiarrek. Lekittoko Aisialdi Taldeak jai handia antolatu du, eta Independentzia plazara aterako dira herritarrak, puzgarrietan salto egin, kolore brotxetak jan, jolastu eta musikagaz batera dantzan egitera. 17:00etan hasiko den jaia amaitu aurretik, arduradunek, zerbitzuen funtzionamendu azalduko diete ume, gazte eta gurasoei.Lehen aurkezpena plazan egitea erabaki dute, gune hori aisialdirako erabiliko duten espezioetako bat izango delako. Izan ere, eraikinetatik irten eta zerbitzua herrira zabaltzea izango dute helburu. Horrela, eguraldiak laguntzen duenean, herriko txoko ezberdinetara irtengo dira ume eta gazteak jostatzera.
Dinamika berezia ere eramango du aurrera, oraingoan, aisialdi zerbitzuak. Euskal Herria hobeto ezagutzeko bertoko historia landuko dute. Horretarako, Euskal Herriko Ikastolak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak batera pentsatu eta garatutako Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia proiektuaz baliatuko dira.
Lekeitioko Aisialdi Taldekoek jakitera eman dutenez, berritasunak ere egongo dira. Halan, aurreko urteko hiru zerbitzuei berri bat gehituko zaie aurten, «adin tarteak hobeto banatzeko». Horrela, Ludotekan 3tik 5era arteko umeak batuko dira, Kidegunean 6tik 8ra bitartekoak, Erdigune deitu dioten zerbitzu berrian 8tik 11 urtera arteko gaztetxoak elkartuko dira, eta azkenik, Gaztegunean 12 urtetik gorakoak. «Kidegunek adin tarte handiegia hartzen zuela ikusi genuen iaz. Gazteek gustu eta jakin-nahi ezberdinak zituzten, eta beraz, nahiz eta zerbitzu biak lotuta joan, banatu egin ditugu», azaldu dute Lekittoko Aisialdi Taldeko arduradunek.
Zortzi hezitzaile
Iazko modura, gazte ekintzak mantendu egingo dituzte, eta hiru hilean behin ekintza berezi bat egitea dute asmoa. Oraingoan ere, inklusibitatea, hezkidetza, euskaraz bizitzea eta herriko ekintzetan parte hartzea izango dira aisialdi zerbitzuaren zutoinak. Guzti hori lortzeko gurasoen inplikazioa eskatuko dute aisialdi zerbitzuko arduradunek. «Ekintzetan parte hartu edo proposamenak egin dezakete», azaldu dute.
Iazko talde bera ibiliko da Lekeitioko aisialdia kudeatzen, zortzi laguneko lantaldea, eta aisialdi foroa izango dute atzean, ibilbide lagun. Bateren batek foro horretan parte hartu nahi badu «ateak zabalik» dituela azpimarratu dute.
Zerbitzuak, doakoak dira. Hala ere, umeak lehenengoz joaten direnean izena eman behar dute. Zapatuko jaia pasatuta, izena ematen hasi ahalko dira ume eta gazteak.