Ur Partzuergorako ordezkaritza barik geratu da Bermeoko EAJ
Partzuergoaren etorkizunari buruzko kezka agertu du Gernika-Lumoko EH Bilduk. Aurrerantzean ere kudeaketa ona egitea espero du Gernikako alkateakBermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) ez du ordezkaritzarik izango Busturialdeko Ur Partzuergoan (BUP), d...
Partzuergoaren etorkizunari buruzko kezka agertu du Gernika-Lumoko EH Bilduk. Aurrerantzean ere kudeaketa ona egitea espero du Gernikako alkateak
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) ez du ordezkaritzarik izango Busturialdeko Ur Partzuergoan (BUP), datozen urteetan. Bermeoko Udalak hiru ordezkari ditu Partzuergoan eta EH Bilduk, Guzanek eta Izartu Bermeok izango dute bana. Hala erabaki zuten asteleheneko udalbatzarrean EH Bilduren, Guzanen eta Izartu Bermeoren aldeko botoekin.EAJk BUPerako dituen politikak beste mota batekoak direla uste dute, eta EH Bilduk zein bi plataformek Partzuergoaren etorkizunerako «amankomuneko proiektua» dutela azaldu zuen Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, hau da, bertoko ura berton kudeatzearen aldeko apustua egiten dute.
Herria «herren»
Eztabaida luzea sortu zen gai honen inguruan astelehenean udalbatzarrean. EAJren ustez, «oraingoan ordezkaritza aukeratzen ari ziren, eta ez Ur Partzuergoan erabiliko diren politikak». Gainera, ez dute ulertzen «EH Bilduren beste zinegotzi izanik, ordezkaritza barik geratzea». EAJri botoa eman dioten herritar guztiek alderdiak Partzuergorako duen asmoa badakitela azaldu zuten, hortaz, «bermeotarren zati handi bat kanpo uztea» dela deritzote. «Ordezkaritza honek ez du Bermeoko errealitatea ordezkatzen, ezta osoko bilkura honetako errealitatea», esan zuen Aritz Abaroak.
EAJren proposamena hurrengoa zen: EH Bildurentzako ordezkari bat, EAJrentzako beste bat, eta hirugarrena Guzanentzako, Izarturekin txandakatzeko aukeragaz. Hori izango litzateke, jeltzaleen arabera, bermeotarren errealitatea islatzen duen ordezkaritza. EAJ ordezkaritza barik geratzea «herria herren» uztea dela diote.
EAJk udalean daukan ordezkaritza kontuan izanik, Izartu Bermeoren arabera, «bidegabea» da jeltzaleak BUPerako ordezkaritza barik geratzea. Hala ere, eskualde osoa kontuan izanik, EAJ Partzuergoan «ondo» ordezkatuta egongo dela azaldu zuten: «EAJk Partzuergorako duen politika zein den kontuan izanda, ez dugu uste ordezkaritza izan behar duenik. Bermeoko herriak irizpide bateratua eroan behar du Partzuergora»
Politika jarduera «arduraz eta erantzukizun osoz» garatu behar dutela uste dute Guzan plataformakoek, «herri interesak beti aurretik jarri behar direla» esanez. Xabi Ortuzarren esanetan, «gutxiengoan egongo garela jakinda ere, uraren kudeaketa Busturialdetik eroatearen alde agertuko gara. EAJk Bermeoko ordezkaritza ez badu ere, beste herrietako ordezkaritza izango du, gehiengoa dute. Bermeok, baina, aho batez esan ahalko du Partzuergoan, gu geure urak kudeatzen alde gaudela».
Europako Uraren Kartak dioen modura, tokian tokiko ura kudeatzeren aldeko apustu bateratua eroango dute Partzuergora, hortaz, EH Bilduk, Guzanek eta Izartuk.
EAJk, ordea, datuak aipatzen ditu, eta BUPen datuak zein Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarenak kontuan hartzekoak direla aipatzen dute. «Tokian tokiko ura edozein baldintzatan kudeatuko da? Busturialdeko herritarra naizen heinean, bizkaitarra ere banaiz, eta prest nengoke Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren aldeko apustua egiteko kalitatea eta zerbitzu onak bermatzeko eta herritarrak gehiago ez estutzeko», esan zuen Abaroak. Hala ere, astelehenean erabaki beharrekoa ordezkaritza zela nabarmendu zuen, eta ez kudeaketa eredua.
Egoera onean utzita
Gernika-Lumok hiru ordezkari izango ditu Busturialdeko Ur Partzuergoan, Euzko Abertzaleak eta EAJko kideak. Hala, EH Bilduk bere kezka agertu zuen joan den eguazteneko ez-ohiko osoko bilkuran. Aurreko agintaldian partzuergoan ordezkari zen JoseRamon Bilbaoren esanetan, gauza batzuk ondo egin zituzten eta beste batzuk ez hain ondo. «Hala ere, uste dut nahiko egoera onean utzi genuela: 3 milioiko zorra kenduta, azpiegitura berriekin, Lamiaran…», aipatu zuen. EH Bilduren baitan ikuspuntu ezberdinak izan arren, beti adostasunetara heldu izan direla gogoratu zuen Bilbaok. Baina kezka agertu zuen EAJk Busturialdeko Patzuergoa maantenduko duen edo Bilboko Ur Partzuergoan barneratuko duten. «Busturialdekoan Gernikak ehuneko hogeita pikuko ordezkaritza du, eta Bilbokoan % gutxikoa izango luke».
Jose Mari Gorroñok azaldu zuen garrantzitsuena zerbitzu ona ematea dela, prezio onean. «Inoiz arazoak izan dira partzuergoak tarifa finkoa zuelako, 3,5 aldiz Bilbokoa. Baina orain bermeo ere bada Partzuergoko kide». Hala, etorkizunean gitxienez urak beste herrietan duen prezioa mantenduko dela uste du Gorroñok.