Nordic Walking Guneen Sarean sartu da Markina-Xemein
Zapatuan izango da gunearen inaugurazioa, udaletxean, 12:00etan. Ikastaroa ere antolatu dute, teknikaren lehenengo ezagupenak emateko asmozUdalak Markina-Xemein Nordic Walking Gunea sortu du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntzagaz. Egitasmoare...
Zapatuan izango da gunearen inaugurazioa, udaletxean, 12:00etan. Ikastaroa ere antolatu dute, teknikaren lehenengo ezagupenak emateko asmoz
Udalak Markina-Xemein Nordic Walking Gunea sortu du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntzagaz. Egitasmoaren helburuak kirola sustatzea, osasuna sendotzea, jarduera fisikoaren bidez bizitza osasuntsuaren ohiturak sendotzea eta turismoa bultzatzea direla azaldu dute. Zapatuan izango da inaugurazio ekitaldia.Nordic Walking teknika ezagutzeko, teknikaren hastapen eskola ere emango dute zapatuan, 10:00etan. Ikastaroa doan izango da, eta nahi duen guztiarentzat zabalik dago. Ikastaroan parte hartu nahi duenak, baina, izena eman behar du aldez aurretik nwgunea@nordicwalkinggunea.net helbide elektronikora idatzita edo 945 010 948 telefono zenbakira deituta.
Antolatzaileek hamar bat makila eramango dituztela jakitera eman du udalak; hala ere, mendiko makilek ere balio dutela azaldu dute.
12:00etan egingo da Markina-Xemein Nordic Walking gunearen aurkezpena udaletxean. Proiektua bera eta teknikaren bidez lortzen diren onurak ezagutzera emango dituzte.
Nordic Walking teknikarako zailtasun mota ezberdineko lau ibilbide prestatu ditu udalak herriaren inguruetan zehar: Kanteramotxa, Arkillogana, Ubilla-Urberuaga eta Orbero. Ibilbideen mapak Markina-Xemeingo udaletxean eta Atxondo kiroldegian egongo dira eskura.
Handitzen doan sarea
Nordic Walking Guneen Sarea 2012. urtean martxan jarri zen nazioarteko ereduetan oinarrituta dago, eta gaur gaurkoz, sare horretan hamazortzi herri eta hiru Parke Teknologiko daude. Nordic Walking Gunea sarrera librea duen espazioa dela azaldu dute. «Pertsona guztientzat pentsatuta dago, eta bere jomuga osasuna hobetzen laguntzen duen ipar martxaren jardutea da». Horrez gain, gunea dagoen herriko natura eta kultur arloko paisaia-aberastasuna ezagutzea ahalbidetzen du. «Markina-Xemeingo Nordic Walking Guneak seinaleak jartzeko azpiegitura egokiei esker, gure inguru naturalaren eta kulturalaren balioa nabarmentzen du. Zelaiak, laborantzarako soroak, baserriak, basoak, Patrokua jauregia, Santa Maria eliza eta beste hainbat altxorrez gozatzeko aukera egongo da proposatzen diren ibilbideren bat egitean».