Emakumeen martxa, Gernikara heltzear
Emakumeen Mundu Martxa etzi ailegatuko da Gernika-Lumora. Domekan egun osoko egitarauarekin hartuko dute karabana Bilbon. Ondarroatik eta Mutrikutik martxarekin bat egiteko deia egin duteIV. Emakumeen Mundu Martxa Gernika-Lumora ailegatuko da zapatuan,...
Emakumeen Mundu Martxa etzi ailegatuko da Gernika-Lumora. Domekan egun osoko egitarauarekin hartuko dute karabana Bilbon. Ondarroatik eta Mutrikutik martxarekin bat egiteko deia egin dute
IV. Emakumeen Mundu Martxa Gernika-Lumora ailegatuko da zapatuan, eta domekan Bilbora. Ondarroako eta Mutrikuko emakumeen taldeek martxarekin bat egiteko deia egin dute.Martxoaren 8an abiatu zen Emakumeen Mundu Martxa, Kurdistanetik. Eta urriaren 17an Lisboan amaituko da. Lea-Artibaitik igaroko ez bada ere, karabanak Busturialdean egingo du geldialdia. Izan ere, irailaren 28tik urriaren 4ra arte Euskal Herrian barrena dabil martxa feminista. Martxak Gure gorputzak, gure territorioak lema dauka eta lau ardatzetan banatuta daude aldarrikapenak: Sistemarteko indarkeria, bizitzaren iraunkortasuna, gorputzak eta sexualitateak eta sarean lan egitea eta aniztasuna kudeatzea.
Horrela ba, aldarrikapen guzti horiek Gernika-Lumon lur hartuko dute zapatuan, ordu batzuez bada ere. Martxa 12:00etan ailegatuko da herrira. Ordu horretan, ongietorria egingo diote Astran. Ostean, auto karabana egingo dute, herriaren sarreraraino. Ekitaldi nagusia Pasilekuan egingo da. Horretan, mezua irakurriko da eta hazia eman ostean, performance bat egin eta horma irudia margotuko dute. 13:30ean agurra egingo diote martxak Bilborako bidea hartuko du.
Bestelakoa izango da domekan Bilbon egingo den ekitaldia.
Bilboko ekitaldia
Izan ere, ekintzak ia egun osoan egingo dira. Gernika-Lumora helduko den ordu berean helduko da martxa feminista Bizkaiko hiruburura (12:00). Sarrikotik bizikleta martxa egingo da eta 12:30ean manifestazioa hasiko da, Moyuatik. Ostean, 13:30ean, ekitaldi nagusia egingo da, Areatzan. Eta 14:30ean bazkaria egingo da. Arratsaldea ikuskizunek hartuko dute: 16:00etan Kapritxosas clown taldeak eskainiko du emanaldia eta 16:30ean Latidos del tribunal antzezlana ikusteko aukera egongo da, Plataforma Tirante taldearen eskutik.
Azkenik 17:00etan, kontzertuak hasiko dira. Besteak beste, ondoko taldeek parte hartuko dute: Mis Ovarios 33, Puro Luego eta Furia.
Deialdiak
Martxak, oro har, pertsonen osotasuna, aniztasuna, eskubideak eta askatasunak errespetatzeko aldarria egiten du eta horregatik guztiagatik, Ondarroako Etxelila Emakumeen Topalekuak ere atxikipena eman nahi izan dio.
Bide beretik, domekan Bibon egingo den ekitaldi nazionalera joateko deia ere egin dute ondarrutarrek. Eta nola ez, hilaren 17an Lisboan egingo den martxaren amaierako ekitaldirako ere deia zabaldu dute; Euskal Herritik autobusak antolatuko dira azken ekintza horretara joateko.
Emakumeak Mutrikun Abian taldeak ere deialdi hori egin nahi izan du Mutrikun. «Bilbon egingo dena itzela izango da, eta bateko zein besteko ekintzetara joateak merezi duela uste dugu».